Politika -

Bilera Ajuria Enean

Pradales lehendakaria eta Pedro Sanchez Gernikako Estatutuaz aritu dira "elkarlanerako borondatearekin"

Lehendakaritza eta Moncloako iturrien arabera, hizpide izan dituzte egoera politiko eta ekonomiko orokorra, azpiegiturak, birsorkuntza demokratikoa, euskara eta autogobernuaren garapenarekin eta Gernikako Estatutua betetzearekin zerikusia duten gaiak.

Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, artxiboko argazkietan. EITB Media
Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, artxiboko argazkietan.
Imanol Pradalesek Pedro Sanchez hartu du Ajuria-Enean

0:35

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakaria Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin bildu da Ajuria Enea jauregian, Gasteizen. Bilerak ezohiko irudia utzi du, hirugarren aldiz egin baitio bisita presidente espainiar batek lehendakari Ajuria Enean.

Lehendakaritza eta Moncloako iturrien arabera, bilera "giro adeitsuan" egin dute bi agintariok, eta hori "bi gobernuen arteko harreman bikainen erakusle da".

"Pedro Sanchezek eta Imanol Pradalesek elkarlanerako eta lankidetzarako borondate argia erakutsi dute", azpimarratu dute iturriek.

Bileran, egoera politiko eta ekonomiko orokorra, Europako eta nazioarteko testuingurua eta interes komuneko beste gai batzuk ere aztertu dituzte, hala nola Europako funtsak, azpiegiturak, birsorkuntza demokratikoa, euskara eta autogobernuaren garapenarekin eta Gernikako Estatutua betetzearekin zerikusia duten gaiak.

Bisita ofizial honekin, uztailaren 11n abiatutako bilera sorta zabalari amaiera eman dio lehendakariak. Izan ere, 15 eguneko epean, EAEko erakundeetako eta Eusko Legebiltzarreko taldeetako ordezkariekin (Vox salbu), sindikatuekin, patronalarekin eta unibersitateetako eledunekin batzartu da. Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordea ere izan da Ajuria Enean. 

Gaurko bilera "historikoa" ere bada, ez baita batere ohikoa Espainiako Gobernuko presidente bat Gasteizera etortzea (hitzordua Moncloa jauregian egin ohi dute, lehendakaria Madrilera joanda). Aurrez, birritan gertatu da: Adolfo Suarez gobernuburua Carlos Garaikoetxearekin biltzera etorri zen, eta gauza bera egin zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok Patxi Lopez sozialista Lehendakaritzan zegoenean. 

Nolanahi ere, Sanchezek Gasteizko jauregia ezagutzen du. 2015eko uztailean egon zen bertan, Iñigo Urkullu lehendakari zenean, baina, ez zen Espainiako Gobernuko presidente, eta PSOEren idazkari nagusi gisa egin zuen bisita. 

Gaurko hitzorduaren ondotik bada besterik agendan. Maria Ubarretxena sailburu eta bozeramaileak Angel Victor Torres Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroarekin egingo duena, hilaren 30ean. Aldebiko Batzordea lehenbailehen osatzea eskatuko du bertan sailburuak. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Pedro Sánchez PSE-EE Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Imanol Pradales