Politika -
Diputatuen Kongresua
Krisiaren aurkako dekretua onartuta, oliba-olioaren BEZaren beherapena barne
Lege-dekretuak luzatu egiten ditu Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomikoak arintzeko ezarritako neurri batzuk, eta beste batzuk gehitzen ditu. Horiek guztiak indarrean daude jadanik.
Agentziak | EITB Media
Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomikoak arintzeko ezarritako neurri batzuk luzatzen dituen lege-dekretua onartu du Diputatuen Kongresuak gaur, eta beste batzuk erantsi ditu, hala nola oliba-olioaren BEZa jaistea. Guztiak indarrean daude dagoeneko.
Dekretuak bonu sozial elektrikoaren murrizketa ere jasotzen du, nahiz eta Espainiako Gobernuak eta Podemosek deskontu horri eustea adostu duten. Neurri hori beste arau batean sartu beharko da, Kongresuak ezin baitu lege-dekretua aldatu, onartu edo atzera bota baino ez.
- Oliba-olioa oinarrizko elikagaien taldean barneratu dute (talde horretan sartzen dira esnea, ogia, arrautzak edo fruta), eta BEZik gabe jarraituko du irailaren 30era arte. Ondoren, % 2ko zerga ordaindu beharko da urtea amaitu arte, orduan berreskuratuko baitu ohiko % 4ko tasa.
- Hazi-ore eta -olioen BEZak % 5eko egungo tasa mantenduko du irailaren 30era arte, eta, ondoren, % 7,5eko zerga ordaindu beharko da urtea amaitu arte, eta % 10era itzuli urtarrilean.
- PFEZa jaistea, lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) irabazten dutenak salbuesteko; horretarako, zergapetze-muga 15.876 eurora igo dute urtean.
- Kontsumitzaile zaurgarrientzako ur- eta energia-horniduraren bermea 2024ko abenduaren 31ra arte luzatzea.
- Argindar kontratuen potentzia, inongo penalizaziorik gabe, aldatzeko malgutasuna urtearen amaierara arte luzatzea.
- Gas naturalaren Azken Baliabideko Tarifa (TUR) eskuratzeko eskubidea mugagabea izango da berogailu eta ur kolektiboa duten bizilagun komunitateentzako.
- Espainiako Gobernuak eta Podemosek ez dela aplikatuko erabaki badute ere, dekretuak bonu elektrikoa hiruhilekoko % 7,5era murriztea jasotzen du, harik eta 2025eko uztailean kontsumitzaile zaurgarrientzat % 35ean eta oso zaurgarrientzat % 50ean geratzen den arte (energia krisiaren aurretik, hurrenez hurren, % 25ean eta % 40an zeuden).
Bestalde, Kongresuko Osoko Bilkurak PPk eta PSOEk adostutako erreforma judiziala onartu du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko akordioaren baitan. Horrela, Behe Ganberan ibilbidea amaitu du, eta orain Senatura igaroko da, tramitatzen jarraitzeko.