Politika -
TRANFERENTZIAK
Eusko Jaurlaritza uztailaren 30ean bilduko da Torres ministroarekin eskumenen eskualdaketan aurrera egiteko
Gobernu Kontseiluaren ostean, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du egun horretan bertan bilera egingo duela Lurralde Politikako Estatu idazkariarekin ere bai.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak iragarri du uztailaren 30ean Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroarekin, Angel Víctor Torresekin bilduko dela, eta Aldebiko Batzorde Iraunkorra "ahalik eta lasterren" martxan jartzeko eskatuko diola, Gernikako Estatututik transferitzeke dauden gai guztien eskualdatzea bultzatzeko.
Ubarretxenak prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ostean, eta datorren asteko asteartean Torresekin lan-bilera egingo duela adierazi du. Lurralde Politikako estatu-idazkariarekin ere bilera egingo duela aurretatu du bozeramaileak.
Zehaztu duenez, gai nagusi bat izango dute hizpide, Aldebiko Batzorde Iraunkorra "ahalik eta lasterren" martxan jartzea, Gernikako Estatututik eskualdatu gabe dauden gai guztietan aurrerapausoak emateko. "Ministroarekin eta Espainiako Gobernuarekin elkarrizketarako, akordiorako eta lankidetzarako borondate handienarekin joango gara bilera horretara", ziurtatu du.