Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Yolanda Diazek PSOEren eta Sumarren arteko akordioa iragarri du mozal legea "indargabetzeko"

Hala ere, Sumarretik argitu dute kazetarien jardunari eta polizia-agenteen irudiak hartzeari buruzko artikulu bakarra aldatuko dela.

Mozal Legearen kontrako irudi bat. Artxiboko irudia.
Mozal Legearen kontrako irudi bat. Artxiboko irudia.
Yolanda Diazek Sumarren eta PSOEren arteko akordioa iragarri du Mozal Legea indargabetzeko

1:11

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako koalizio Gobernuko alderdiek, PSOEk eta Sumarrek, akordioa lortu dute Mozal Legea indargabetzeko, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritako berrikuntza demokratikorako neurrien baitan.

Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroak aurreratu duenez, Sanchezek agerraldia egingo du asteazken honetan, 09:00etan, Bruselan, Espainiako Gobernuko kideek adostutako neurri sorta iragartzeko.

"Halaber, kazetaritzan kode deontologikoak urratzen dituztenei dirulaguntzak eta finantzaketa publikoa kentzea ahalbidetuko duen legea", azaldu du Diazek, Publizitate Instituzionalari buruzko Legeari dagokionez.

Bigarren presidenteordeak adierazi duenez, PSOErekin mozal legea indargabetzearen inguruan lortutako akordioak "irainei, askatasun publikoei, erregeari egindako irainei eta gainerakoei" eragiten die.

Halaber, Sumarrek eta PSOEk Espainiako Gobernuaren baitan lege bat hitzartu dutela esan du, "sasi-kazetaritza egiten dutenek kode deontologikoak urratzea galaraziko duena. Zalantzarik gabe, diru-laguntzak eta finantzaketa publikoa kenduko zaizkie". "Publizitate instituzionalaren legeaz ari naiz", erantsi du.

Duela "ordu gutxi batzuk" Sumarrek eta PSOEk bi gai horien inguruko akordioa itxi dutela azpimarratu du.

"Akordio zabalagoa behar zuten neurri sorta orokorragoa" ere adostu dute, eta bihar Sanchez presidenteak Diputatuen Kongresuan aurkeztuko ditu.

"Baina oraintxe bertan, mozal legearen indargabetzea itxi dugu, baita gure herrialdeko sasi-kazetarientzako finantzaketa publikoa amaitzea ere", nabarmendu du.

Erreakzioak

Albistearen berri izan eta ordu batzuetara, Enrique Santiago Sumarreko bozeramailearen ondokoak Kongresuan argitu duenez, Yolanda Díaz presidenteordeak PSOErekin Mozal Legea indargabetzeko akordio artikulu zehatz baten erreforman datza, manifestazioetan irudiak hartzea edo zabaltzea arau-hauste izateari uztea, alegia.

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek gogorarazi du aurreko legealdian bere alderdiak babestu egin zuela 'mozal legea' deiturikoa erreformatzeko saiakera, baina kritikatu du oraingoan Espainiako Gobernuak, "berriro ere prozeduran gaizki" egin duela, ez duelako bere alderdiarekin hitz egin. Esan duenez, ez daki ERCrekin eta EH Bildurekin hitz egin ote duten, horiek izan baitziren aurrekoan akordioa bertan behera utzi zutenak. Haiekin hitz egin ez badute, gogoratu du alferrik ari direla.

EH Bilduko iturriek, berriz, adierazi dute ez dutela akordioren berririk, "gaur goizean prentsak ezagututakotik haratago", eta nabarmendu du "euren jarrera aurreko legealdiko berbera da: Besteak beste, gomazko pilotak debekatzea edo isunetan proportzionaltasun irizpidea erabiltzea", besteak beste. Hala, argitu du "lerro gorri horiek kontuan hartzen ez badira, ez dela Mozal Legea osorik indargabetuko".

Javier Ortega Voxek Kongresuan duen bozeramailearen ondokoak, berriz, ohartarazi  du akordioak "Estatuko segurtasun indarrak armagabetzea besterik ez duela bilatzen". "Estatu totalitario baten aurreko Estatu honen zigorgabetasun politikan beste urrats bat da gaurkoa", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Yolanda Diaz Sumar Mugimendua