Politika -
'Tsunami' auzia
Rovira, Kataluniara iritsi ostean: "Erdizka utzi genuen lana amaituko dugu"
ERCko idazkari Nagusia Gironako La Jonquera herrian hartu dute. Harekin batera, Ruben Wagensberg Omniumeko presidenteordea, Oleguer Serra eta beste ekintzaile independentista batzuk itzuli dira. 'Tsunami Democratic' auzia artxibatu ondoren itzuli da.
Agentziak | EITB Media
Marta Rovira ERCko idazkari nagusia Katalunian da jada. 'Tsunami Democratic' auzia artxibatu ostean itzuli da, Manuel Garcia-Castellon Auzitegi Nazionaleko epailearen akats prozesal baten ondorioz. Buruzagi errepublikanoa Genevan (Suitza) egon da 2018ko martxotik.
Independentismoak bere helburuak lortzeko elkartu egin behar dela azpimarratu du Rovirak: "Hasi genuen lana amaitzeko bildu gara hemen". "Noiz ahaztu genuen elkartuta indartsuagoak garela?", galdetu du Rovirak harrera ekitaldian.
Buruzagi errepublikanoak 08:30 aldera zeharkatu du La Jonquerako (Girona) muga, ostegunean Suitzatik abiatu ostean. Harekin batera itzuli dira Ruben Wagensberg, ERCko diputatua; Oleguer Serra, Omnium Culturaleko lehen presidenteordea; Josep Campmajo, enpresaria; eta Jesus Rodriguez, kazetaria.
Autoz iritsi dira bostak, 07:00ak aldera hainbat buruzagi independentistak Salsesen (Frantzia) harrera egin ostean, Emili Armengolen 'Porta dels Països Catalans' monumentuan, hain zuzen ere.
Lehen ekitaldia 09:00etan izan da, Cantallopsen (Girona). Bertan, 'Tsunami Democratic' auzian ikertutako pertsonak elkartu dira, eta, ondoren, euren jardunekin jarraitu dute. Ildo horretatik, Omnium Culturalek 13:00etan Bartzelonan egingo duen harrera-ekitaldian izan dira batzuk.
"Eskerrik asko jaso dugun elkartasun guztiagatik", esan du Rovirak, eta Suitzan igaro duen denbora honetan lagun izan dituen herritarrei eskerrak eman dizkie babesagatik.
"Erbestean dauden pertsonen eskubideengatik borrokatu behar dugu. Amnistia Legea oraindik aplikatu ez zaien pertsonak daude", esan du Wagensbergek, manifestazio independentistetan parte hartu zutenak gogoan izanda.
ERCko idazkari nagusiak beti esan izan du Kataluniara itzuliko zela auzia ixten denean, eta asteartean aurreratu zuen ERCko emakumeen batzar batean parte hartzeko asmoa, larunbat honetan, Olesa de Montserraten (Bartzelona).