Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: PP-Vox haustura, lehendakariaren bilera sorta, eta Marta Rovira, Kataluniara
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko uztailaren 12an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- PP-Vox haustura: Vox alderdi ultraeskuindarrak bertan behera utzi ditu PPrekin Gaztela eta Leonen, Aragoin, Valentziako Erkidegoan, Murtzian eta Extremaduran zituen koalizio gobernuak. Santiago Abascal Voxeko presidenteak oposiziora pasatuko direla iragarri du. Balear Uharteetan PPk gutxiengoan gobernatzen du, eta Voxek orain arte kanpotik eskaintzen zion babesa erretiratu egingo dio. PPk bidaiderik gabeko adingabe migratzaileen banaketari oniritzia eman ostean hartu du itunak hausteko erabakia Voxek.
- Lehendakariaren bilera sortaren bigarren eguna: Imanol Pradales lehendakariak Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin abiatu duen bilera sortarekin jarraituko du gaur, PPrekin eta PSE-EE bazkidearekin batzartuta. Javier de Andres EAEko PPren presidenteari 10:00etan jarri diote hitzordua, Ajuria Enean. Bileraren ondotik, agerraldia egingo du Legebiltzarrean, balorazioa egiteko. Eguerdian, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia hartuko du lehendakariak. Buruzagi sozialistaren agerraldia espero da batzarraren ondotik.
- Marta Rovira, Kataluniara: Marta Rovira ERCko idazkari nagusia, gaur itzuliko da Kataluniara. Rovira 2018ko martxotik dago Genevan (Suitza) dagoena, eta Manuel Garcia-Castellon Auzitegi Nazionaleko epailearen akats baten ondorioz 'tsunami democratic' auzia artxibatu ostean itzuliko da. Marta Rovirarekin batera itzuliko dira Ruben Wagensberg Kataluniako Parlamentuko diputatu errepublikanoa, Oleguer Serra Omnium Culturaleko lehen presidenteordea, Josep Campmajo enpresaria eta Jesus Rodriguez kazetaria.