Politika -

Haustura eskuinean

Abascalek baieztatu du Voxek PPri babesa kenduko diola adingabe migratzaileen banaketagatik

Ultraeskuineko alderdiko buruzagiak Feijoori "mugak irekitzeko politikak inposatu" nahi izatea leporatu dio. PPko buruzagiak ostiral honetan agerraldia egingo du Voxen erabakia baloratzeko.

Santiago Abascal Vox ultraeskuineko alderdiaren buruzagia. Irudia: EITB
Santiago Abascal Vox ultraeskuineko alderdiaren buruzagia. Irudia: EITB
Vox gobernu autonomiko guztietatik aterako da eta PPri babesa kendu dio

0:58

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarreko buruzagiak gaur iragarri duenez, Voxeko lau presidenteorde autonomikoek dimisioa aurkeztuko dute, eta bere alderdia oposizio "leial eta irmoa" egitera igaroko da orain arte PPrekin koalizioan gobernatzen zituen erkidego horietan.

Hala jakinarazi du Voxen zuzendaritza bileraren amaieran bideoz egindako agerraldi batean, erkidegoek bidaiderik gabeko adingabe migratzaileen banaketari PPk oniritzia eman ostean.

Espainiako Gobernuaren proposamenaren arabera, PPk eta Voxek koalizioan gobernatzen dituzten erkidegoetan 110 adingabe migratzaile hartu behar zituzten: Aragoin, 20; Gaztela eta Leonen, 21 adingabe; Valentziako Erkidegoan, 23; Extremaduran, 30; eta Murtzian, 30. Balear Uharteetan PPk gutxiengoan gobernatzen du, ultraeskuineko alderdiak kanpotik eskaintzen dion babesari esker, inbestidura-akordio baten bidez. PPk uste du "10-30 adingabe" hartzeagatik itunak apurtzea "aitzakia" dela.

Vox lehen aldiz sartu zen gobernu autonomiko batean Gaztela eta Leonen, eta han presidenteordetza eta hiru kontseilaritza zituen. Ondoren, Valentziako erkidegoa iritsi zen, eta Voxek presidenteordetza, bi kontseilaritza eta Gorteetako presidentetza ditu bertan; Murtzian, presidenteordetza eta bi kontseilaritza ditu; Aragoin, presidenteordetza bat, bi kontseilaritza eta Parlamentuko presidentetza; eta Extremaduran, kontseilaritza bat. Bost aerkidegoek dagoeneko onartu dituzte datorren ekitaldirako aurrekontuak.

"Ezinezkoa da egin nahi ez duenarekin ituna ixtea", argudiatu du Abascalek, eta Feijoori "mugak irekitzeko politikak inposatu" nahi izatea leporatu dio, eta ohartarazi du "inork ez diola botorik eman" Voxi eta PPri legez kanpoko emigrazioaren eta bidaiderik gabeko adingabeen "inbasioari" eusteko.

"Alderdi batua eta gero eta indartsuagoa gara", esan du Javier Ortega Smith Voxeko diputatuak zuzendaritzaren batzarretik ateratzean, erabakiaren inguruko edozein desadostasun baztertzen saiatuz.

Feijook ostiral honetan baloratuko du haustura

Voxeko buruzagien erabakiaren berri izan ostean, Alberto Nuñez Feijook berak ostiral honetan agerraldia egingo duela iragarri du PPk. Alderdi Popularrak oraindik zehaztu ez duen ordu batean, Genova kaleko alderdiaren egoitza nagusian, aztertuko du erabakia Feijook, alderdiko iturriek adierazi dutenez.

Alfonso Fernandez Mañuecoren Gobernuak Voxen erabakia "justifikaziorik gabekoa eta ulertezina" dela esan du, eta Gaztela eta Leonen Gobernu ituna bete dela eta egonkortasuna bermatuko duela ziurtatu du.

Mar Vaquero Aragoiko Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, Jorge Azcon Exekutiboko buruzagiak ostiral honetan iragarriko du "Aragoiko Gobernuaren berregituraketa, eskumenen banaketa berria izango baita".

Bestalde, Valentzian hauteskundeak deitzeko eskatu dio dagoeneko Joan Baldovi Compromiseko ordezkariak Carlos Mazon Generalitateko presidenteari.

Iñigo Errejon Sumarrek Kongresuan duen bozeramaileak PPri esan dio eurak izan zirela eskuin muturra normalizatzeko bidea ireki zutenak: "Hauek dira zuen beleak, eta orain zuen begiak zulatzen ari dira".

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak gaitzetsi du Voxek 347 adingabe migratzaile erkidegoetako gobernuak hausteko "aitzakia" gisa erabiltzea, eta kritikatu du PPk sartu zuela exekutiboetan ultraeskuina, eta "diskurtso arrazistak normalizatu" zituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Migrazioa Espainia Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak Balearrak Vox Santiago Abascal Valentziako Erkidegoa Alberto Núñez Feijóoren adierazpenak Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa Aragoi