Politika -

Amnistia legea

Gorenak Puigdemonten kontrako ikerketa artxibatu du 'Tsunami Democratic' auziarekin lotuta

Auzitegi Nazionalak bezperan hartutako erabakiaren ildo beretik doa gaur Auzitegi Gorenak hartutako ebazpena. Garcia Castellon epailearen akats prozesal batek eragin du erabakia.

Puigdemont, artxiboko argazki batean. EFE
Puigdemont, artxiboko argazki batean.
Puigdemont, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bezperan Auzitegi Nazionalak egin bezala, Susana Polo Auzitegi Goreneko magistratuak 'Tsunami Democratic' auzia artxibatzea ebatzi du, eta, beraz, bertan behera utzi du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta Ruben Wagensberg ERCko diputatuaren kontra auzi horrengatik abiatutako ikerketa. 

Manuel Garcia-Castellon epaileak Auzitegi Nazionaleko auzia artxibatu ostean hartu du erabakia Polok. Bertan, hamar pertsona daude ikertuta, besteak beste, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia (2018tik dago Suitzan), Zigor Arloko Aretoak 2021eko uztailaren 29tik auzi horretako instrukzioa baliogabetzea erabaki ostean.

Garcia Castellon epailearen akats prozesal batek eragin du erabakia; izan ere, legeak ikerketa luzatzeko ezartzen dituen epeak ez zituen bete, eta epemuga igaro eta 24 ordura hartu zuen erabakia.

Magistratuak adierazi duenez, egun hori baino lehen, hau da, Auzitegi Nazionalak erabakitakoaren arabera epemuga baino lehen, "ez zen ikerketarik egin egozten zaizkien gertakarietan parte hartzea eragin zuen auziari buruz", hala ondorioztatzen baita Garcia Castellonek emandako artxibo-ebazpenean.

Ebazpen horretan jasota dagoenez, "ikertutako inori ez zitzaion deklaraziorik hartu, eta horrek eragotzi egiten du prozedura laburtuaren tramiteekin jarraitzea".

Polo epailearen erabakiaren berri izan aurretik, Puigdemontek esan du Tsunami Democratic auziaren ikerketak "urteetan lokaztu, pertsona garrantzitsuak beldurtu eta independentismoari buruzko narratiba zikintzea" baino ez zuela bilatzen.

"Pertsona askorentzat eta haien familientzat horrek guztiak ekarri duen izen onaren eta sufrimenduaren aurkako erasoa ez du inork lehengoratuko. Eta berriro gerta daiteke, argi gera dadila, ustezko akats formalak ez baititu baztertzen auzi hau eraikitzen ari diren susmoak zikintzen eta mantentzen jarraitzea", adierazi du Puigdemontek X sare sozialean.

Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidenteak pozik hartu du Gorenaren erabakia: "Justizia inpartziala denean auziak ez du ibilbiderik". "Terrorismo akusazio faltsuen gainean eraikitako auzia izan da, eta ez litzateke inoiz existitu behar", esan du Aragonesek X sare sozialean.

Era berean, Patricia Plaja Kataluniako Gobernuko jarduneko bozeramaileak pozik hartu du erabakia, prozesu independentistak iraun duen bitartean ez baita inoiz terrorismo ekintzarik egin: "Justizia iritsi da, nahiz eta modu sinesgaitzean izan", esan du.

Pilar Alegria Espainiako Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, Amnistia Legea "normaltasunez ari da aurrera egiten", 'Tsunami Democratic' auzia artxibatu ostean. Gainera, Alegriak azpimarratu duenez, Justizian irizpide ezberdinak ematen direnean, "Auzitegi Konstituzionalak ebatzi behar du".

Aina Vidal Sumarreko ordezkariak Garcia-Castellon epailea kritikatu du, Tsunami auziarekin politika egiten saiatzeagatik; izan ere, inoiz ez zela terrorismorik izan eta guztiak magistratuaren "irudimen amaigabeari" erantzuten ziola esan du.

"Sentitzen dut prozedurazko akats bat izateak epaile honen irudimen amaigabe batetik abiatzen zen auzi hau bertan behera utzi duena, Tsunami auzia terrorismo kasu bat zela ulertzen baitzuen. Ez du inork ulertzen, ezta Auzitegi Nazionalak ere", salatu du Vidalek Kongresuan emandako prentsaurrekoan.

Juan Fernandez PPk Kataluniako Parlamentuan duen bozeramaileak, aldiz, "desengainutzat" jo du auzia artxibatzea eta inplikatuak zigorrik gabe uztea.

Joan Garriga Vox alderdi ultraeskuindarrak Kataluniako Parlamentuan duen bozeramailearen esanetan, Tsunami auzia "terrorismo kasu bat" da, eta ohartarazi du "borrokan" jarraituko dutela "arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezaten".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean ERC Amnistia Legea Junts per Catalunya