Politika -
Eusko Jaurlaritza berria
Pradalesek "aukera" ikusten du alderdien bileran sortan osasunaren inguruko herri ituna lortzeko
Lehendakaria "itxaropentsu" agertu da indar politikoek "euren interesak alde batera utzi" eta Osakidetzaren inguruan itun bat erdietsiko dutelakoan.
Agentziak | EITB MEDIA
Imanol Pradales lehendakaria "itxaropentsu" azaldu da EAEko alderdiekin abiatu beharreko bileran sortan Osakidetzaren eta euskal osasun sistemaren inguruan herri akordio bat erdiesteko "aukera" ikusten baitu.
Lehendakari izendatu zutenetik erakundeetako ordezkariekin bildu da EAJko buruzagia, eta ostegunean indar politikoekin (Vox kenduta, Legebiltzarrean ordezkaritza duten guztiekin) batzartzen hasiko da. Segidan, gizarte eragileak hartuko dituela iragarri du.
Sopelan (Bizkaian), Metro Bilbaoren instalazioetan, egindako adierazpenetan azaldu duenez, osasuna eta Osakidetza "lehentasun" izango dira alderdiekin izango dituen hartu-emanetan.
Horren ustez, gai horretan euskal gizarteak nahi du alderdiek "euren interesak alde batera uztea" eta "komunean egon daitezkeen puntuak bilatzea". Horren ildoan, "aukera" ikusten du herri akordio bat "lantzeko eta sustatzeko".
Osasunaz harago, alderdiek dituzten proposamenak eta gai zerrenda entzuteko prest agertu da, eta autogobernua aipatu du, beste gai batzuen artean.
Bestalde, lehendakaria gustura agertu da Frantziako hauteskundeen emaitzarekin, eskuin muturraren porrotarekin "demokraziak eta giza eskubideek irabazten" dutelako.
"Albiste onak ikusten ditut Frantziako Estatuko hauteskunde emaitzetan, batez ere eskuin muturrak ez duelako beste Europako Gobernu bat baldintzatzeko gaitasunik izango", adierazi die Pradalesek kazetariei.
"Europan guztik irabazten dugula uste du, zorionez, eskuin muturrak ez baitu irabazi", azpimarratu du.