Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Dufauk (EHBai-NFP) etxebizitza, laborarien egoera eta euskararen babesa izango ditu lehentasun Parisen

Fronte Popular Berriaren aterkipean, diputatu izatea lortu du Peio Dufau EHBaiko hautagaiak 6. barrutian. Ohartarazi duenez, eskuin muturraren gorakadaren aurrean, elkarlana ezinbestekoa da, bestela "hiru urteren buruan Le Pen izango dugu Parisen".

Dufau, pozarren, hautetsi aukeratu eta biharamunean. Argazkia: Euskadi Irratia
Dufau, pozarren, hautetsi aukeratu eta biharamunean.
Dufau, pozarren, hautetsi aukeratu eta biharamunean. Argazkia: Euskadi Irratia

play icon 13:28

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusiaren zein Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidentearen zorion mezuak jasota, atzo Frantziako hauteskunde legegileetan izandako "garaipen historikoarekin" pozarren eta "hunkituta" azaldu da biharamunean Peio Dufau EHBai-Fronte Herritar Berriko (NFP) diputatu hautatua. Pirinio Atlantikoen 6. barrutian bera izan da bozkatuena, Ensembleren Macronistei eta ultraeskuinari aurrea hartuta.  

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketatu dute goizean, eta hurrengo egunetako urrats protokolarioak ondo menperatzen ez dituen arren, argi ditu Parisera, Asanblea Nazionalera, eramango dituen gaiak. Bere barrutian (Lapurdiko kostaldea, eta barrualdea, Itsasuraino) arazo handia den etxebizitzaren afera, laborarien egoera eta euskararen babesa izango ditu lehentasun. 

"Nik lehentasun dudana da tokiko jendartearen, enpresen eta laborarien babesa, eta horien aldeko boza eramateko gogoa dut Parisen", aldarrikatu du. Ipar Euskal Herriko beste bi hautetsiekin, Capdevillekin eta Etxanizekin, elkarlanerako "asmoa eta gogoa" atzematen du. Euskara hizpide, "odolean eta bihotzean" daramala aitortu du, eta horren defentsa egingo duela Parisen ere: "Ulertarazi behar diegu zein den gure egoera, zein den hizkuntzen erronka eta zer egin behar den ondorengo urteetan euskara babesteko".  

Garaipenarekin hunkituta bai, baina eskuin muturraren gorakadarekin "kezkatuta" azaldu da Dufau. Ohartarazi duenez, "politikagintzaren irudia garbitzea eta jendartearentzat gaudela erakutsi" behar dute orain, eta hor elkarlana ezinbestekoa dela nabarmendu du. "Ezin gara zatitu, bestela hiru urteren buruan, Le Pen dugu Parisen", erantsi du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea albisteak Frantzia berriak Biarritz EH Bildu Hauteskundeak Ipar Euskal Herria Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Hauteskundeak Frantzia