Politika -
Legegintzaldi berria
Etxebizitza bat eskuratzeko tramiteak arintzeko konpromisoa hartu du lehendakariak euskal udalerriekin
Pradalesek azaldu duenez, euskal erakundeekin koordinatuko dira legealdi honetan neurri zehatzak garatzeko eta euskal herritarrentzat lehentasunezkoa den gai honi irtenbideak emateko.
Agentziak | EITB MEDIA
Legegintzaldi honetan etxebizitza bat eskuratzeko tramiteak arintzeko konpromisoa hartu du Imanol Pradales lehendakariak euskal udalerriekin, eta "Euskadiren ongizateari begira" EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu-programan jasotako ardatz estrategikoetako bat dela nabarmendu du. Hala jakinarazi du Pradalesek, gaur, ostirala, Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin Ajuria Enean izan duen bileraren ondoren.
"Tokian tokiko sentsibilitatea izan behar dugu gogoan gure politiken garapenean", esan du lehendakariak, Esther Apraiz Eudeleko presidente eta Derioko alkatearekin eta Nagore Alkorta eta Cristina Laborda Eudeleko presidenteorde eta Azpeitiko eta Irungo alkateekin bildu ostean.
"Etxebizitza berriak eraikitzeko tramiteak arindu behar dira, baina baita horien erabilerak aldatzeko ere, bereziki etxebizitza publiko edo babestuan pentsatuz", nabarmendu du lehendakariak, eta alokairurako zein erosketarako aukerak aipatu ditu. Euskal herritarren kezka nagusietako bati irtenbidea ematea da helburua.
Horretarako, euskal erakundeak koordinatuta arituko dira, hauek garatzeko: "Dagoeneko kalifikatuta dagoen lurzorua aktibatzea, etxebizitza publikorako lurzoru-erreserba sustatzea, finkatutako hiri-eremuetan eraikinen erabilera-aldaketak ahalbidetuko dituzten prozedurak bizkortzea, zenbait udalerritan etxebizitza turistikoen mugei segurtasun juridikoa ematea, gazteentzako zuzkidura-bizitokien eraikuntza sustatzea, hiriguneetan edo merkataritza-jarduera txikiko eremuetan erabiltzen ez diren lonjen erabilera-aldaketak bultzatzea etxebizitza bihurtzeko, erabilera-lagapeneko erregimenean etxebizitza kooperatibistak sortzea, eta hirigune historikoetako etxebizitza zaharkituetako bizilagunei birgaitzeko aholkuak ematea".
Osakidetza
Pradalesen hitzetan, alderdi politikoen artean "gutxieneko oinarriak" daude Osakidetzaren egoerari buruzko akordio bat lortzeko eta "osasun-sistemaren aldeko itun handi bat" lortzeko. Hainbat gairi buruz "oinarrizko akordioak lortzea" espero du lehendakariak, eta lehenengoa euskal osasun zerbitzu publikoaren ingurukoa izatea nahi du.
Barredorekiko konfiantza
Bestalde, lehendakariak Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarengan duen "konfiantza" berretsi du, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) ikerketa bere gain hartu ostean, Ingurumen sailburuorde zen garaian prebarikazio kasu batean parte hartzea leporatuta. Kazetarien galderei erantzunez lehendakariak gogoratu du Barredo foruduna dela, eta, hori dela eta, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak auzia bere gain hartzeko eskumena duela. Lehendakariaren arabera, horixe da izapide judizial horrek dakarren "berritasuna" bakarra.
Adingabe migratzaileen banaketa
Pradalesek berretsi egin du familia-laguntzarik ez duten adingabe migratzaileen banaketa "asimetrikoa" erabat baztertzen duela. Era berean, asiloa ukatu zaion gazte sahararraren egoera ezagutzeko Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Espainiako Gobernuko Barne Ministerioarekin hitz egingo duela jakinarazi du. Gogoratu duenez, horren "jurisdikzioa" ez dagokio Eusko Jaurlaritzari, baina Zehar-Errefuxiatuekin eta ACNUR elkarteekin harremanetan daudela esan du. Dena dela, babesa eskaintzeaz gain, Jaurlaritzak ezin duela askoz gehiago egin berretsi du.
Bilerak Bruselan
Azkenik, uda ostean Bruselara joateko asmoa iragarri du, Europako erakundeetako arduradun batzuekin elkarrizketak izateko, Euskadik bere tokia izan dezan, azkenaldian izaten ari den "ultraeskuinaren gorakada kezkagarria" dela eta.