Politika -

Ikertu gisa

Bertan behera utzi dute Begoña Gomezen deklarazioa, eta hilaren 19an berriz joan beharko da epailearen aurrera

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emaztea 10:18an heldu da Madrilgo epaitegira. Epaileari esan dionez, ez daki zein delitu egozten zaizkion.

Gomezen autoa, epaitegira sartzen. EFE
Gomezen autoa, epaitegira sartzen.
Gomezen autoa, epaitegira sartzen. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Peinado Madrilgo 41. instrukzio epaitegiko buruak bertan behera utzi du gaur Begoña Gomezek, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren emazteak, bere aurrean egin behar zuen deklarazioa, eta gaur 15, uztailaren 19an, 10:00etan, berriro joateko agindu dio. 

Gomez 10:18an heldu da Madrilgo epaitegira, eta saioaren hasieran epaileari esan dionez, ez ditu Hazte Oir elkarte ultraren kereilaren nondik norakoak ezagutzen, ezta leporatzen zaizkion delituak ere. 

Horren aurrean, epaileak prozesua eten du, egin beharreko jakinarazpenak egiteko, eta, ondoren, saioa atzeratzea ebatzi du. 

Bestalde, gaurko deklarazio laburrari dagokionez, Peinadok ez du onartu Gomezen defentsak egindako eskaera. Abokatuak galdegin zuen saioaren soinua bakarrik grabatzea, Gomez oso ezaguna dela argudiatuta, baina epaileak ez du onartu, eta bideoan ere grabatu dute azkenean. 

Magistratuak ikertu gisa deklaratzera deitu zuen Gomez, eragimen-trafikoa eta ustelkeria leporatuta. Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarrak Sanchezen emaztearen kontrako salaketa jarri zuen, eta epaileak onartu egin zuen. Juan Carlos Barrabes enpresaburuari —Begoña Gomezek Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean zuzentzen zuen katedrako irakaslea ere bada— esleitutako kontratu publikoak ikertzen ari da epailea.

Salaketa horri Hazte Oir elkarte ultrak aurkeztutako beste kereila bat batu zitzaion, eragimen-trafikoa egotzita hori ere. Gobernuburuarekin duen harremana "zenbait enpresa eta erakunderekin harreman komertzialak eta profesionalak izateko eta dirulaguntza publikoak lortzeko" baliatu ote zuen ikertzeko eskatu zuen. 

Vox eskuin muturreko alderdiak ere salaketa jarri zuen Begoña Gomezen kontra, Konplutentseko masterrerako software bat bidegabe lortzea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Epaiketak albisteak Pedro Sánchez Gizartea Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Vox