Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Ubarretxena: "Ausartak izan behar gara aurreko inertziak apurtu eta proiektu berritzaileak martxan jartzeko"

Politika egiteko moldeetan aldaketak egiteko gogotsu agertu da Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, eta gizartearen erronkei erantzuteko lehendakariak "oso talde indartsua" osatu duela nabarmendu du.

Maria Ubarretxena, Jaurlaritzako bozeramaileari elkarrizketa Euskadi Irratian. Argazkia: Faktoria
Maria Ubarretxena, Jaurlaritzako bozeramaileari elkarrizketa Euskadi Irratian. Argazkia: Faktoria
Maria Ubarretxena, Jaurlaritzako bozeramaileari elkarrizketa Euskadi Irratian. Argazkia: Faktoria

play icon 28:46

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua gizartearen erronkei arduraz aurre egiteko prest agertu da asteazken honetan, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan egindako elkarrizketan. Ildo horretatik, Imanol Pradales lehendakariak osatu duen taldea politika egiteko moldeetan aldaketak egiteko gogotsu dagoela esan du.

"Ausartak izan behar gara gure egitekoetan, politika publiko ezberdinak abiatu, aurreko inertziak apurtu eta proiektu berritzaileak martxan jartzeko. Lan egiteko gogotsu dagoen oso talde indartsua osatzen dugu", nabarmendu du Ubarretxenak. 

Autogobernuari dagokionez, 1979ko Autonomia Estatutuan aitortutako eskumenak lehenbailehen bereganatzen ahaleginduko dela esan du. Hala, transferentzien Bitariko Lankidetza Batzordea berriro martxan jartzea "funtsezkoa" dela adierazi du. Hori dela eta, bilera bat eskatu dio Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroari, hurrengo eskumen-transferentziak gauzatzeko. Nolanahi ere, transferentzia batzuk beste batzuk baino errazago eskualdatu daitezkeela onartu du.

Oraindik 29 eskumen faltan direla gogora ekarri du Ubarretxenak. "Nire sailaren lehentasunetako bat izango da hori. Gernikako Estatutua osorik betetzea oso garrantzitsua da niretzat ", nabarmendu du. Ildo horretatik, Estatutua egungo legegintzaldia amaitu baino lehen bete daitekeela uste du.

Bestalde, ziur agertu da Eusko Legebiltzarrean legedi berrian Euskadirentzako estatus berri bati forma emango zaiola, eta Eusko Jaurlaritza "legebiltzar-taldeei laguntzeko prest egongo da". Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, "autogobernuan aurrerapausoak ematea lehentasunen artean dago", bere ustez, "Euskadik behar duelako eta etorkizunean ere beharko duelako".

Abiadura Handiko Trena (AHT) Nafarroarekin lotzeko aukerarik onenaren inguruan "akordio bat" egongo dela uste du Ubarretxenak. Nolanahi ere, adierazi du Espainiako Gobernua txosten teknikoa egiten ari dela AHT Euskadi eta Nafarroa lotzeko aukerarik onenari buruz, eta "oraindik ezagutzen ez dugunez, nahiago dugu aldez aurretik ezer ez esan".

Urdaibaiko Guggenheim Museoaren inguruan ere hitz egin du Jaurlaritzako bozeramaileak. "Ez da bakarrik eraikin berri bat izango. Eraikina Busturialdea biziberritzeko proiektu askoz zabalago baten parte izango da", nabarmendu du. Hala, EAJk eta PSE-EEk sinatutako gobernu akordioan jasota dagoen ekimena dela gogora ekarri du.

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) dituen erronkei dagokienez, "oinarri demokratikoak, giza eskubideak eta autogobernua" errespetatzen dituzten alderdiekin bilduko da datozen asteotan Imanol Pradales lehendakaria. Testuinguru horretan, VOXekin ez dela bilduko berretsi du:"Euskadik dituen erronkei aurre egiteko babes zabala lortu behar da, eta, ideologikoki ezberdintasunak izan arren, autogobernuan sinetsi behar da, demokrazian baita giza eskubideetan ere. Oinarri sendo horiek betetzen ez badira ez du zentzurik etorkizuna alderdi horiekin eraikitzea".

Horrez gain, Osasun sailburu berriak herritarren eskaerak entzungo dituela ziurtatu du, eta osasun zerbitzua hobetzeko neurri zehatzak "epe batean" ikusiko direla aurreikusi du. "Behar diren politika publikoak jarri behar dira martxan. Sailburu berriak ekimen ugari jarri ditu abian osasun arloan, eta elkarlanerako bere prestutasuna erabatekoa da. Ziur naiz emaitzak laster ikusiko ditugula", azpimarratu du.

Bestalde, gehiegizko burokraziarekin amaitzeko tramiteak errazten ahaleginduko direla aurreratu du. "Tramiteak errazteko administrazio guztien arteko koordinazioa hobetzen saiatuko gara", esan du.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak euskararekiko duen jarrera "erabatekoa" dela berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Bizkaia Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak PSE-EE berriak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Irratia euskaraz Gernikako Estatutua