Politika -

Katalunia

Gorenak uko egin dio Puigdemonti Amnistia Legea aplikatzeari eta atxilotzeko agindua mantendu du

Gainera, Pablo Llarena epaileak eutsi egiten dio Oriol Junqueras eta Kataluniako prozesuan zigortutako gainerako buruzagien inhabilitazioari.

Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean
Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiari Amnistia Legea aplikatzea baztertu du, eta hura Espainiako Estatuan atxilotzeko aginduari eutsi dio. Halaber, ez ditu Toni Comin eta Lluis Puig Kataluniako Gobernuko kontseilari izandakoak amnistiatuko eta horiek atxilotzeko aginduak ere mantendu ditu.

Gainera, Zigor Aretoak ez die Amnistia Legea aplikatuko Kataluniako prozesuan zigortutako Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa buruzagi indenpendentistei. Horren arabera, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua ezin da prozedura honetan barkatu. 

Bestalde, Zigor Aretoak Konstituzionaltasun galdea egingo du Auzitegi Konstituzionalean, Amnistia Legea desobedientzia delituari aplikatzeko aukeraren inguruan.

Ana Ferrer magistratua ez dator bat diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua amnistiaren aplikazioatik kanpo uztearekin. Hori dela eta, boto partikularra eman eta Europar Batasuneko Auzitegian epaitu aurreko arazo bat aurkeztea babestu du.

Alvaro Garcia Ortiz Espainiako Estatuko fiskal nagusia Amnistia Legea buruzagi kataluniarren aurkako auzi guztietan aplikatzearen alde agertu da, zigortuak ez zirelako aberastu eta ez zituztelako Europar Batasunaren interesak kaltetu.

Bestalde, desobedientzia egotzita auzipetutako Marta Rovira ERCko idazkari nagusia atxilotzeko agindua bertan behera uztea erabaki du Llarenak. ERCko buruzagiari, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari eta Toni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiei egozten zaien desobedientzia amnistiagarria dela uste du Llarenak. 

Diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua Amnistia Legetik at uzteko erabakiak erreakzio ugari ekarri ditu. Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak Auzitegi Gorena siziliar mafiarekin alderatu du, X sare sozialean zabaldutako mezu batean: "La Toga Nostra" idatzi du, siziliar mafiari keinu eginez. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena Epaiketak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean ERC azken ordukoa Junts per Catalunya gaur Azken ordukoa Espainia Amnistia