Politika -

AITORTZA ETA ERREPARAZIOA

Angel Berrueta eta haren senideak polizia indarkeriaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Haren hilketaren hogeigarren urteurrenean heldu da aitortza eta erreparazioa. Madrilgo M11ko atentatuak izan eta bi egunera hil zuten okina Valeriano de la Peña polizia nazionalak eta haren seme Miguel Jose de la Peñak.

Angel Berruetari omenaldia Iruñean, haren hilketaren hogeigarren urteurrenean. Argazkia: EITB Media
Angel Berruetari omenaldia Iruñean, haren hilketaren hogeigarren urteurrenean. Argazkia: EITB Media
Angel Berruetari omenaldia Iruñean, haren hilketaren hogeigarren urteurrenean. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Berrueta eta haren senideak polizia indarkeriaren biktima gisa aitortu ditu ostiral honetan Nafarroako Gobernuak, haren hilketaren hogeigarren urteurrenean, 16/2019 Foru Legeari jarraiki. Zehazki, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimak aitortu eta erreparatzeko prozedura arautzen du lege horrek.

Madrilgo M11ko atentatuak izan eta bi egunera hil zuten okina Valeriano de la Peña polizia nazionalak eta haren seme Miguel Jose de la Peñak. Aurrez, Maria Pilar Rubio bi hiltzaileon emazte eta amak eztabaida izan zuen Berruetarekin, azken horrek okindegiko erakusleihoan M11ko atentatuak ETArekin lotzen zituen kartel bat jartzeari uko egin ziolako.

Ika-mikaren ondotik, emakumea oihuka atera zen dendatik, "puta seme hori akabatuko dut" esanez, eta handik minutu gutxira, atzera berriz bertara itzuli zen senarra eta semea lagun hartuta. Bi horiek pistola eta aihotz banarekin hil zuten Berrueta.

2005ean Nafarroako Lurralde Auzitegian egin zen epaiketan, herri epaimahaiak ebatzi zuen "motibazio ideologikoak" eragindako gertakaria izan zela, eta 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zion Valeriano de la Peñari, eta 15ekoa semeari.

Emakumea ere zigortu zuten, baina ondoren Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zuen. Orduan Foru Erkidegoko fiskal nagusi zen Javier Muñoz Cuestak "bizilagunen arteko liskar" baten ondorio jo zuen gertatutakoa.

Alabaina, erailketaren ostean eta epaiketa izan zen bitartean, irainak, mehatxuak eta presioak pairatu zituzten haren senideek. Testuinguru horretan, Iruñeko Udaleko Udalbatzak "Angel Berrueta eta bere familia motibazio politikoko biktima gisa aitortzea" eskatu zion berriki Nafarroako Gobernuari.

Onartutako testu horren arabera, hilketa "Alderdi Popularraren Gobernuak nahita sustatutako amorru politikoaren giroan izan zen, Madrilgo M11ko atentatuen ostean", eta "Justizia Auzitegi Nagusiak larrigarri gisa aitortu zuen motibazio ideologikoa, izaera politikoko krimena izan zela baieztatuz".

Azken asteotan, Nafarroako Gobernuak polizia indarkeriaren biktima ugari aitortu ditu. Nafarroako Pertsona Torturatuen Sareak jakitera eman duenez, honako hauek dira aitortza berriki jaso dutenak: Iker Moreno, Iker Aristu, Ohian Ataun, Garbiñe Urra eta Mikeldi Diez. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Giza eskubideak Polizia abusuen biktimak