Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Pello Otxandiano: "Autogobernua eta estatus politikoa izan behar da legegintzaldi honetako gai nagusia"
EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen arabera, "mugarik gabeko" eztabaida bat egin behar da Gasteizko ganberan. Bestalde, Otxandianok begi onez ikusten du Osakidetzaren inguruan herri ituna adosteko Pradales lehendakariak egindako proposamena.
O. A. | EiTB Media
Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen iritziz, legegintzaldi honetako gai nagusia autogobernua eta estatus politiko berria izan behar da, "azken hiru legegintzaldiak biribilgunean" igaro ondoren. Horren arabera, Estatuaren hamarkada luzetako esku hartzearen ondorioz, gaur egungo autogobernua "estrategikoki mutilatua" izan da.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko "mugarik gabeko" eztabaida bat egitea proposatu du, talde politiko bakar batek ere beto eskubiderik izan gabe. Horren esanetan, eztabaidaren abiapuntu egokia Eusko Jaurlaritzak egindako Erosio isila txostena izan daiteke.
Autogobernuari lotuta, paraleloan egin beharreko bi bide daudela uste du Otxandianok: batetik, Gernikako Estatutua osorik betetzea; bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuarekin izan beharreko harremana eztabaidatzea. Horren arabera, eztabaida ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baizik.
Bestalde, Otxandianok ontzat eman du Osakidetzaren inguruan herri ituna adosteko Pradales lehendakariak egindako proposamena. Ildo horretan, adierazi du Osakidetzaren inguruko diagnostiko bat egin behar dela, helburu bat jarri eta bide orri bat zehaztu. Edozein kasutan, ohartarazi du herri akordioak lortzea ez dela "besteek norbere programarekin bat egitea", baizik eta "elkarguneak bilatzea".
Azkenik, Otxandianok baieztatu du lehen harremana izan duela Pradales lehendakariarekin bien arteko bilera hitzartzeko. Izan ere, atzo lehendakariak uztailaren 8ko astean alderdi politikoekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin bilera erronda abiatzeko asmoa iragarri zuen.