Politika -

Reala-PSG partida

EH Bilduk eta Sumarrek erantzukizunak eskatu dituzte emakume bat larri zauritu zen Donostiako istiluengatik

Egunotan ezagutzera eman den bideo batek erakusten du Ertzaintzako agente batek ostiko bat eman ziola emakumeari, istiluetatik aldentzen saiatzen ari zenean.

Ertzaintzaren aktuazioaren momentuko irudia
Ertzaintzaren aktuazioaren momentuko irudia
Ertzaintzak egindako kargan emakume bat nola zauritu zen erakusten duten irudi berriak

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan martxoaren 5ean, Donostian, Realaren eta Paris Saint Germainen arteko Txapeldunen Ligako partidaren aurretik gertatutako istiluak ikertzea eta "erantzukizunak" argitzea eskatu dute EH Bilduk eta Sumarrek. Istilu horietan buruan kolpea jaso zuen 44 urteko emakume batek eta zaurien ondorioz Donostia Ospitaleko zaintza berezien unitetan ingresatuta egon zen.

Egunotan gertakarien uneko bideo bat argitaratu da eta, horren ondoren, bi taldeek Eusko Legebiltzarrean eskatu dute ikerketa eta erantzunkizunak argitzea bi taldeok.  Ertzaintzak bere garaian egin zuen istilu hauei buruzko ikerketa bat.

Bideo horretan, Ertzaintzak Anoetako topoaren geltokiaren inguruan egindako karga bat ikusten da. Emakumea lurrera erortzen dela antzematen da. Ondoren, altxatzea lortzen du eta Anoetako Topoko geltokiaren ondoan esertzen da. Une horretan ertzain batek ostikada bat eman diola ikusten da.

EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagaren iritzian, bideo honek "Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko agente batek kaltetuari egindako eraso arbitrarioa erakusten du", eta agerian uzten du euskal poliziaren "indarkeriazko eta neurriz kanpoko ekintzen aurka neurri sendoagoak hartzeko beharra".

Arzuagaren ustez, beharrezkoa da "kasu hau auzitegietan irekitzea, emakumeari eraso egin zion agentearen erantzukizunak zehazteko eta argitzeko", eta "azken urteetan Ertzaintzan irekitako diziplina-espedienteak sakon ezagutzea eta aztertzea, herritarrak kezkatzen dituzten jarduera horien diagnostiko argia lortzeko".

Ildo horretan, EH Bilduko hautetsiak "neurri sendoagoak" eskatu ditu, "orain arte irekitako espedienteak polizia-jarduera irregularren icebergaren punta baino ez direla" iritzita, eta, gaineratu du "kasu askotan amaierarik gabe" uzten direla, edo "zigor barregarriekin" amaitzen direla, "enplegua eta soldata egun gutxi batzuetarako" kenduta.

Arrazoi horregatik, "espediente horiek eskuratzea" eskatu du eta biktima horiei "justizia nola eman" hausnartzeko eztabaida zabaltzea eskatu du. Era berean, "horrelako gertaerak berriro ez gertatzeko bermeak" eskatu ditu.

Arzuagaren hitzetan, Anoetako kasuan, emakumeari "foam jaurtigai batekin tiro egin ondoren, lurrean eserita zegoela egin zioten eraso" eta egoera hau "Ertzaintzak Tolosan, Gasteizen, Bilbon eta Astigarragan egindako beste indarkeria-ekintza batzuen" antzerakoa dela salatu du.

Arzuagaren ustez, honetatik atera daitekeen "ondorioa" da "Ertzaintzako agenteen artean jarrera bortitz onartezina" dagoela eta "Josu Erkoreka buru zuen Sailaren erreakzioa, erantzukizunak estaltzea" izan zela, "justifikazio sinesgaitzak aipatuz".

"Neurriz kanpoko indarkeria kasuetan lerroak ixtea eta erabateko argitasun eta gardentasun falta Erkorekaren ondarea" dela esan du EH Bilduko buruzagiak.

Bestalde, Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak uste du Ertzaintzak gertakari horiei buruz duen bertsioa "inkoherentziaz eta kontraesanez" beteta dagoela, eta azpimarratu du "poliziaren gehiegizko eta neurriz kanpoko indarkeria-egoera horien aurrean ikertu eta mota guztietako erantzukizunak argitu behar direla".

Hori dela eta, Hernandezek galdera sorta bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, "gertatutakoa argitzeko" eta "istripu baten edo, zaurituaren familiak eta lekukoek adierazten duten bezala, zabarkeria baten aurrean gauden jakiteko".

Bere iritziz, gertakariak "ez dira zorrotz argitu", eta gogorarazi du "familiak oztopo judizialak eta polizialak" salatzen dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Eusko Legebiltzarra Salaketak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Sumar Mugimendua