Politika -

EUSKO JAURLARITZA

Alderdi politikoekin eta gizarte eragileekin bilera-erronda iragarri du lehendakariak

Helburua da "EAJk eta PSE-EEk adostutako Gobernu Programa partekatzea", eta herri mailako "lehentasun eta erronkei buruzko hausnarketa" bati ekitea. Horien artean, Osakidetzaren egoerari buruzko lanketa abiatu nahi du Pradalesek.

Imanol Pradales, atzo, Ajuria Enea jauregiaren atarian. Argazkia: EFE
Imanol Pradales, atzo, Ajuria Enea jauregiaren atarian.
Imanol Pradales, atzo, Ajuria Enea jauregiaren atarian. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi politikoekin eta gizarte eragileekin bilera-erronda abiatuko duela iragarri du Imanol Pradales lehendakariak, bere "gobernuaren lehentasunak partekatu" eta "lehenengo harremanak bideratzeko". Hala jakinarazi du gaur Lehendakaritzak, ohar bidez. Bertan zehazten denez, "xede nagusia da bitarteko zuzen bat ezartzea, lehenengo egunetik bertatik  herri-lehentasun eta herri-erronkei buruz elkarrekin lan egiten hasteko".

Banan-banan bilduko da lehendakaria eragileekin,  EAJk eta PSE-EEk adostutako Gobernu Programa azaltzeko, eta "guztien ikuspuntuak" jasotzeko. Alde biko bilerak izango dira, eta asmoa da erronda hurrengo asteetan abiatzea.

Zabaldutako oharrak dio Pradalesek, besteak beste, Osakidetzaren inguruko kezka helarazi nahi diela talde guztiei eta "erantzun partekatu" baten beharra proposatu. Atzo, Alberto Martinez Osasun sailburu izendatu berriak aurreratu bezala, "Euskal Osasun Sistemari buruzko herri-itun zabal bat" erdietsi nahiko luke Jaurlaritza berriak.

Erakunde bakoitzak bere eragin-eremuan duen ordezkaritzaren arabera, txikienetik handienerako hurrenkeran deituko dituzte batzarrak.

"Hurrengo urteetan, Euskadik aurrean izango dituen desafioei erantzuteko, ezinbestekoa da elkarrekin lan egitea, elkar-ulertzea eta desberdinen artean ados ipintzea, bai eta eragile nagusiek konpromiso hori partekatzea ere, ongizatean hazteko", erantsi dute oharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Imanol Pradales