Politika -
Espainiako Gobernua
Pedro Sanchezek bertan behera utzi du bere agenda ofiziala, aitaginarrebaren heriotzagatik
Espainiako Gobernuko presidentea Valentzian ostegunera arte egingo den Mediterraneoko I Foroko Ekonomiko eta Sozialean parte hartzekoa zen. Sanchez ere ez da joango Europako Kontseiluak ostegun eta ostiral honetan egingo duen batzarrera.
Agentziak | EiTB Media
Pedro Sanchezen emaztearen aita hil da, eta, ondorioz, Espainiako gobernuburuak bertan behera utzi du bere agenda ofiziala goizean Diputatuen Kongresuan egin den Kontrol saioan parte hartu ondoren.
Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, Begoña Gomezen aita (Sabiniano Gomez) gaur hil da.
Gauzak horrela, ez du parte hartuko gaur hasi eta bihar arte Valentzian egingo den Mediterraneoko I Foroko Ekonomiko eta Sozialean.
Ez da joango Europako Kontseiluaren bilerara
Sanchez ere ez da joango Europako Kontseiluak ostegun eta ostiral honetan egingo duen batzarrera. Erabakia Europar Batasuneko agintariei jakinarazi zaie, eta Sanchezek Olaf Scholz Alemaniako kantzilerraren esku utziko du bere botoa, goi-bilera honetan hartuko diren akordioetarako.
Moncloako iturriek gaur baieztatu dutenez, arratsaldeko lehen orduan adierazi zuten gobernuburuak bertan behera utz zezakeela Bruselako presentzia, edo, behintzat, haren zati bat, aitaginarreba hil zaiolako eta familiarekin egon behar zuelako.
Ildo horretan, Sanchezen botoa hiru herrialderen esku uztea aztertzen ari zirela adierazi zuten Gobernuko iturriek, baina azkenean Alemaniaren eta Scholz kantzilerraren alde egin dute, Sanchezen familia politiko berekoa delako.
Moncloan ziurtatu dutenez, Espainiaren interesek eta ikuspegiak ez dute indarrik galduko, nahiz eta presidentea ez egon; izan ere, aurreko aldietan gertatu da, eta, beraz, argi dago zein den botoa eskuordetzeko protokoloa.