Politika -

TORTURA

Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunarekin bat egin du Eusko Legebiltzarrak

Pairatutako giza eskubideen urraketa bidegabeagatik, torturaren biktima izan diren pertsonak gizartearen aurrean aitortzea da jardunaldiaren helburua, Gasteizko Ganberak azaldu duenez.

Eusko Legebiltzarra, gaur. Argazkia: EITB Media
Eusko Legebiltzarra, gaur
Eusko Legebiltzarra, gaur. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunarekin bat egin du Eusko Legebiltzarrak. Besteak beste, Ganberaren atarian, 'Gauerdiko Iparrorratza' eskulturaren parean dagoen pebetontzia piztuta egongo da egun osoan, eta eraikinaren aurrean 'Torturarik ez' dioen kartela ipini dute, eguna gogora ekartzeko.

Halaber, Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak gaur arratsaldeko 18:00etarako Bilboko bere egoitzan antolatu duen ekitaldian hartuko du parte Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak. Bertan, Indarkeriaren OI(H) Artzunak dokumentala eskainiko dute aurrena, eta ondoren, torturen biktima izan diren hainbat pertsonekin solasaldia egingo dute. Han izango da, baita ere, Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu izendatu berria.

Ohar batean, Gasteizeko ganberak azaldu du gaurko ekitaldien helburua dela torturaren biktima izan diren pertsonak gizartearen aurrean aitortzea, pairatutako giza eskubideen urraketa bidegabeagatik.

2019ko ekainaren 20ko osoko bilkuran onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, aho batez, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunera batzeko legez kanpoko proposamena. EAEko erakunde guztiei dei egiten zaie proposamen horretan, Nazio Batuen Erakundeak torturaren biktimak gogoratzeko abian jarritako ekimenera batzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Memoria Historikoa Gogora