Politika -
Botere judiziala
PPk Konstituzioa betetzea txalotu du Sanchezek, eta Feijook, beste behin, Begoña Gomez izan du hizpide
Bost urte geroago, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko akordioa itxi osteko lehen aurrez aurrekoa izan da. Feijook adierazi duenez, orain sinatutako ituna "duela bi urte sinatuko zukeen", eta uste du aldatu dena dela "Europako erakundeek sinatzera behartu dutela Sanchez".
eitb media
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) berritzeko akordioa lortu eta biharamunean, Pedro Sanchez presidentearen eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruaren arteko lehen aurrez aurrekoa izan da Diputatuen Kongresuan.
Bost urte geroago, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko akordioa itxi osteko lehen aurrez aurrekoa da. Feijook adierazi duenez, orain sinatutako ituna "duela bi urte sinatuko zukeen". "Aldatu dena da Europako erakundeek sinatzera behartu dutela".
PPko buruak Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiaren dimisioa eskatu dio presidenteari, eta gaur ere temati agertu da Begoña Gomez Sanchezen emaztearen kontuarekin. Hala, komunikabideen eta Kongresuaren aurrean azalpenak emateko eskaria egin dio "bere familia" inguratzen duten "eskandaluak" tarteko. Era berean, kondenatutako kargu sozialistei ustelkeria delituak indultatzeari eta amnistiatzeari utz diezaieten eskatu du.
Espainiako Gobernuko presidenteak, baina, ez du kritiketan sartu nahi izan eta eskari horiei muzin eginez, gobernu-organoa berritzeko ituna balioetsi du, bost urtez "demokrazian inoiz ikusi ez den blokeoa" izan ostean.
Testuinguru horretan PPk Konstituzioa betetzea txalotu du eta itun hau "beste akordio askoren artean lehena izatea espero" duela adierazi du, "herritarrentzat, enpresentzat, ekonomiarentzat, izen onarentzat eta botere judizialaren ospearentzat ona" dela uste baitu.
Atzoko itunaren ondotik, Alberto Nuñez Feijooren eta Pedro Sanchezen lehenengo aurrez aurrekoa izan da. Hitzaldian, Feijook ziurtatu du akordioa duela bi urte sinatuko lukeela, eta orain aldatu dena dela Europako erakundeek Sanchez sinatzera behartu dutela.
"Akordio hau ez da zuri laguntzeko. Akordio horrek muga jartzen dio zure gobernuak Estatuko erakundeak kontrolatzeko duen gogo biziari. Nik nire betebeharra eta helburua bete ditut ", azpimarratu du. Hala, ziur dago BJKN ez duela ezein alderdik kontrolatuko.
Orain arte iraupen luzeena izan duen BJKN berritzeko ituna erdietsi dute, azkenean, sozialistek eta popularrek. Iraungita zegoen bost urte eta erdiko agintaldia behar izan da 20 izen adosteko.