Politika -
BJKN berritzeko akordioa
EAJk ez du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusirako izendatutako hautagai bakar baten alde ere bozkatuko
Koldo Mediavilla EBBko Harreman Instituzionalerako idazkariak azaldu duenez, ez dute izen bakar bat ere adostu EAJrekin. Halaber, bost urteren ondoren PSOEk eta PPk akordioa lortu izana "harrigarria" dela adierazi du.
Agentziak | EiTB Media
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) berritzeko PSOEk eta PPk akordioa sinatu eta biharamunean, erreakzio soka ez da eten. Koldo Mediavilla EAJren EBBko Harreman Instituzionalerako idazkariak gaur Herri Irratian iragarri duenez, EAJk ez du hautagai bakar baten alde bozkatuko jeltzaleekin ez dutelako hautagairik adostu.
Bost urteko blokeoaren ondoren BJKN berritzeko akordioa lortu izana "harrigarria" dela adierazi du Mediavillak, uste baitu "logikoena" orain bost urte ados jartzea zela. Edonola ere, kontua amaitu bada "ongietorria" dela azpimarratu du.
Akordioaren berri hedabideen bitartez jakin dutela salatu ostean, PSOEk eta PPk adostutako hautagaiak izendatzeko "nahikoa boto" badutela nabarmendu du Mediavillak.