Politika -

Eusko Jaurlaritza

Bingen Zupiria sailburuaren aurkako pintaketak egin dituzte Hernanin

Ertzaintzaren ardura berria aipatzen duten mezuak dira eta herriko negutegi batean agertu dira. Pintaketa horiek "onartezinak" direla esan du EH Bilduk.

Bingen Zupiriaren aurkako pintaketa Hernanin. Argazkia: Imanol Lasa Zeberio.
Bingen Zupiriaren aurkako pintaketa Hernanin. Argazkia: Imanol Lasa Zeberio.
Bingen Zupiriaren aurkako pintaketa Hernanin. Argazkia: Imanol Lasa Zeberio.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk astearte honetan salatu duenez, Bingen Zupiria Segurtasun sailburu berriaren aurkako pintaketak agertu dira bere jaioterrian, Hernanin.

Pintadak herriko negutegi batean egin dituzte, eta Ertzaintzaren ardura berria aipatzen duten mezuak dituzte. Horietako batek honako hau dio: "Zipaios en lucha. Tiro en la nuka. Bingen erne ibili ".

Beste pintada batek erlijio judua identifikatzen duen Daviden izarra irudikatzen du eta esbastika nazi batekin eta EAJ/PNV alderdiaren siglekin parekatzen du.

EAJk Imanol Lasa buruzagi gipuzkoarraren mezu bat zabaldu du X sare sozialean (lehen Twitter). Bertan pintaketen argazkiak ikusten dira. EAJk "irmoki" gaitzetsi du "eraso" hori eta "Euskadik jada atzean utzi duen garai batera" eramaten duela adierazi du.

Irainek eta mehatxuek ez dutela "tokirik gizarte demokratiko batean" adierazi du EAJk bere mezuan eta alderdiei eskatu diete "ekintza hau irmotasun berarekin gaitzestea".

Erantzunak

Imanol Pradales lehendakariak "erabat" gaitzetsi ditu pintaketak, eta azpimarratu du "mehatxua eta xantaia" ez direla bateragarriak balio demokratikoekin.

Esan duenez, "euskal gizarteak atzean uztea erabaki duen iragana gogora ekartzen digun ekintza da", eta babesa agertu dio Zupiriari. "Tinko jarraituko dugu errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizarte bat defendatzen", gaineratu du.

Hernaniko Udalak dagoeneko eman du ezabatzeko agindua, Xabier Lertxundi alkateak (EH Bildu) X sare sozialean jakinarazi duenez. Horrez gainera, udal ordezkariei adierazpen instituzionala egiteko proposamena egingo diela ere adierazi du, kaltetuei bere babesa eskaintzeaz batera.

Alderdi politikoei dagokionez, Zupiriaren aurkako pintaketak "onartezinak" direla esan du EH Bilduk eta elkartasuna agertu dio sailburuari. Alderdi honek ere X sare soziala erabili du bere erantzuna emateko. "Euskal Herrian bizikidetza demokratikoa eraikitze bidean, horrelakoek ez dute tokirik", adierazi du.

Gipuzkoako PSE-EEk ere elkartasuna adierazi die Segurtasun sailburu berriari eta Ertzaintzari, eta azpimarratu du "irainak eta mehatxuak ez direla inoiz bidea izan".

Bestalde, Hernaniko PSEk esan du "beste behin ere" Hernaniko San Joan jaietan mehatxuzko pintadak agertzen direla. Hala, ekintza horiek "erabat" gaitzetsi ditu eta biktimei elkartasuna adierazi die, "are gehiago, biktima bere herriko jaiez lasai gozatu ezin duen hernaniarra denean", Bingen Zupiria sailburuari erreferentzia eginez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Hernani Eusko Jaurlaritza Delituak bideoak Salaketak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak