Politika -

Negoziazioa

PSOEk eta PPk BJKN berritzeko hartu-emanak baieztatu dituzte, eta litekeena da datozen egunetan akordioa ixtea

Espainiako Gobernuaren eta PPren negoziatzaileen arteko bilerarako datarik ez dagoen arren, Europako Batzordearen bitartekaritzarekin, bai PP bai PSOE prest agertu dira ituna lortzeko.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) Argazkia: EFE
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) Argazkia: EFE
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk eta PPk Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) berritzeko hartu-emanak onartu dituzte gaur. Kontseilu horren agintaldiak bost urte eta erdi daramatza iraungita, eta baliteke elkarrizketa horiek "datozen egunetan" akordioa ixtea, 2022ko urrian enegarren aldiz negoziazioek porrot egin ostean.

Hala, BJKN berritzeko Espainiako Gobernuaren eta PPren arteko negoziazioa aste erabakigarrian sartu da, antza denez, bi aldeen jarrera positiboarekin, eta akordioa gertu egon liteke Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ekaina behin betiko ituna ixteko hilabetetzat jo ondoren.

Nahiz eta Felix Bolaños eta Esteban Gonzalez Pons, hurrenez hurren, Espainiako Gobernuko eta PPko negoziatzaileen arteko bilera, Europako Batzordearen bitartekaritzarekin, egiteko datarik ez dagoen, PP zein PSOE itunerako prest agertu dira, eta sozialistek ez dute baztertu "egun gutxiren buruan" akordioa itxi ahal izatea.

Zuzendaritza sozialistako iturriek baikortasun mezu hori errepikatu dute, eta Sanchezek planteatutako ekaineko epea ez agortzea espero dute.

Esther Peña PSOEko bozeramaileak diskrezioa mantentzeko eskatu du, azken egun eta orduetako harremanekin gertatu den bezala. Aldi berean, BJKNren berritzea "egitate bat izatea" eta botere judizialaren normaltasuna "egun gutxi barru errealitate bat izatea" espero du.

"Berandu baino lehen", azpimarratu du Peñak sozialisten Zuzendaritza Federalaren bileraren ostean, eta Borja Semper PPko bozeramailea bat etorri da bere alderdiaren Zuzendaritza Batzordearen bileraren amaieran.

Hala ere, Semperrek argi utzi du epaileek epaileak aukeratzea dela funtsezko baldintza, botere judizialaren independentzia bermatzeko: "Eta jarrera horretatik ez gara mugituko", ohartarazi du.

Bestalde, Sumarrek, koalizio gobernuko bazkideak, "zuhurtziaren" barruan adierazi du ez direla "PPrekin fio", eta ohartarazi du gehiengoak onartzen dituen legea aldatu behar dela botere judiziala berritzeko. Podemos berriro agertu da PPrekin ituna egitearen aurka, lawfareri zilegitasuna ematea litzatekeelako.

Vox eskuin muturreko indar politikoak ziurtzat jo du "alderdi biko" akordioa egongo dela datozen egunetan. "Ea PP arrastoan sartzen den, eta justiziaren politizazioaren aurkako jarrera argia hartzen duen", adierazi du, epaileek epaileak aukeratu behar dituztela nabarmendu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia