Politika -
EUSKO JAURLARITZA
De Andresek salatu du Pradalalesek "Sanchezen bidea" jarraitu duela, "gastu publikoa biderkatuz"
EAEko popularren buruzagiak bihar karguaz jabetuko diren sailburu berriei eskatu die "lehenbailehen" azal ditzatela Eusko Legebiltzarrean zein izango diren euren lan-lerroak datozen lau urteotan.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritza berria ez da "herriaren Jaurlaritza". Hala uste du Javier de Andres EAEko PPren presidenteak eta alderdi horrek Eusko Legebiltzarrean duen ordezkariak. Gogor salatu du Imanol Pradales lehendakariak osatu duen Exekutiboaren organigrama berria, "inoizko kide gehien izango dituen taldea" delako. Zentzun horretan, adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren bide bera jarraitu duela Pradalesek, "austeritateari" bizkarra eman eta "gastu publikoa biderkatuz".
Jaurlaritza berriak XIII. legealdi honetan jarraituko dituen lan-lerroak lehenbailehen jakin nahi ditu buruzagi popularrak. Hori dela eta, bihar karguaz jabetuko diren 15 sailburuei esan die euren lan-lerroak eta helburuak ahalik ez azkarren argitu ditzatela Eusko Legebiltzarrean.
Goizean Gasteizen egin duen agerraldian, De Andresek esan du ez duela agerraldirik eskatuko uztailean, baina bai saioen egutegia ahalik eta epe laburrenean zehaztea. "Kortesiazko 150 egun emango dizkiogu Jaurlaritzari, sailburu bakoitzeko 10, horien kudeaketaz ezer esan aurretik", gaineratu du.
Nolanahi ere, PPk ez du uste ezer berririk ekarriko duenik Pradalesen lantaldeak. "Aurpegi ezagunak dira gehienak, politiko profesionalak".