Politika -

Euskal Autonomia Erkidegoa

Eusko Jaurlaritza berriak 15 sail izango ditu, aurreko Gobernuak baino lau gehiago

Horrela, Etxebizitzak sail propioa izango du, eta Garraioak ere. Bereizi den beste arloetako bat Melgosa buru zuen saila da. Alde batetik, Gizarte Gaiak egongo dira, eta, bestetik, Justizia. Azken hori PSE-EEk kudeatuko du.

Ortuzar, Pradales eta Andueza EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioaren sinaduran. Argazkia: EFE
Ortuzar, Pradales eta Andueza EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioaren sinaduran. Argazkia: EFE
Ortuzar, Pradales eta Andueza EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioaren sinaduran. Argazkia: EFE

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza berriak 15 sail izango ditu, Lehendakaritzaz gain, EITBk baieztatu ahal izan duenez. Aurreko Gobernuak baino lau sail gehiago dira. Horietatik hamar EAJk kudeatuko ditu, eta beste bostak PSE-EEk.

Gobernua handitzeko erabakia, negoziazioaren berri duten iturriek azaldu dutenez, "espezializatuagoa den Gobernu batean" lan egiteko eta arreta jartzeko beharraren ondorio da, "herritarrek eskatzen dituzten premiei modu espezifikoagoan erantzungo diena, kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzen baititu". Beraz, kontua da "arazo bakoitzari modu pertsonalizatuagoan heltzea eta, horrela, Jaurlaritzari egiten zaizkion eskakizunei erantzutea. Zenbat eta exijentzia handiagoa, orduan eta gobernu handiagoa", gaineratu dute iturri berberek.

Larunbat honetan Gobernu berriaren egitura osoa ezagutzera emango da, baina dagoeneko egitura horren zati handi bat aurreratu dute, non Osasuna, Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politika eta Ogasuna sail propio gisa kudeatzen jarraituko diren.

Nobedadeak

Bestalde, berritasunetako bat da Etxebizitzak sail propioa izango duela "batez ere gazteen beharrei erantzuteko", eta Garraioak ere berea izango duela.

Bereizten den beste arloetako bat Nerea Melgosa buru zuen Saila da. Horrela, alde batetik, Gizarte Gaiak egongo dira, eta, bestetik, Justizia, non Espetxe Politika txertatuko den. Azken hori sozialistek kudeatuko dute. Nekazaritza eta Arrantza berezko saila izango dela ere baieztatu dute iturriek.

Gainera, Zientziak eta Berrikuntzak "garrantzi handia" izango dute Gobernu berrian. Azkenik, ziurtzat jotzen da Ekonomia Garapenak, Jasangarritasunak eta Ingurumenak saila partekatzen jarraituko dutela.

Aurrekari bakarra

Aurrekari bakarra du 15 kideko gobernu batek. 1991ko eta 1995eko legealdiaren lehen zatian izan zen, Jose Antonio Ardanza lehendakari zela. EAJk, EAk (Eusko Alkartasuna) eta EEk (Euskadiko Ezkerra) koalizioa osatu zuten. Oraingoz, fisikoki, Legebiltzarrak 14 eserleku baino ez ditu Gobernuaren bankadan.

Iñigo Urkullu lehendakaria zortzi sailburuko talde txiki batekin estreinatu zen Gobernuan, "austeritatearen erakusgarri". Ondoren hamaika izan ditu bigarren eta hirugarren legealdietan, zortzi EAJkoak eta hiru PSE-EEkoak. Sozialistek sei eta zazpi sail izatera iritsi ziren Jose Antonio Ardanzaren garaian, orduan ere koalizioetan parte hartu baitzuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales