Politika -

Abiadura Handiko Trena

Eider Mendoza: "AHTren Ezkio-Itsasoko konexioa ezinbestekoa da Gipuzkoarentzat"

Ezkio-Itsasoko irtenbidea 25 minutu laburragoa dela azaldu du Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. Bere hitzetan, "ezin da ontzat eman ibilbideen denborak luzatuko dituen irtenbide bat".

Eider Mendoza, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia.
Eider Mendoza, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia.
Eider Mendoza, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura handiko trenaren EAEko linea eta Iruñakoa lotuko dituen puntua Gasteiz izango dela, ez Ezkio-Itsaso, indarra hartzen ari den honetan, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Eider Mendoza kezkatuta agertu da. Bere hitzetan, Nafarroarekiko lotura Gipuzkoatik urruntzea "oso albiste txarra" da. Azaldu duenez, "Ezkio-Itsasoko konexioa ezinbestekoa da gure lurralderako, Goierri, Urola eta Debagoiena bailarei zerbitzua emango dien geltoki batekin". Alternatiba hori "irmoki defendatuko" dutela azpimarratu du.

Diputatu nagusia ez dator bat Nafarroarekin egin beharreko lotura hori Arabako hiriburutik egitearen alde mahai gainean jarri diren argudioekin. Zehaztu duenez, Donostiatik Iruñera joateko, Ezkio-Itsasoko irtenbidea "25 minutu laburragoa da beste alternatiba baino, eta horixe da, hain zuzen ere, AHTren balio nagusia: ibilbideen azkartasuna".

Bere iritziz, "urteetan zain egon ondoren", Gipuzkoako herritarrek "ez lukete ulertuko eta ez lukete partekatuko" Nafarroarekiko lotura Arabako hiriburura eramatea "mahai gainean dagoenean aukera bat zuzenagoa dena, eragin paisajistiko txikiagoa duena eta EAEko eta Nafarroako hirien arteko trenbide-konektibitatea hobetzeko eraginkorragoa dena".

Mendozak esan duenez, "gure gizartearen deskarbonizazioa eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko funtsezkoa" izango da trenbie hau. Hori dela eta, "ezin dugu ontzat eman ibilbideen denborak luzatuko dituen eta herritarrek egingo duten erabilerari eragin diezaiokeen irtenbide bat", gaineratu du.

Bestetik, konexioa Gasteizera eramateko argudio gisa, AHTaren aurka dauden alderdiek gobernatzen dituzten udalerri batzuk trena eraikitzeko izapideak moteltzen ari direla esatea ez da onargarria Mendozarentzat. Horregatik guztiagatik, inplikatutako administrazio guztiei eskatu die azpiegitura honen eraikuntza azkartu ahal izateko izapide guztiak errazteko.

Azkenik, diputatu nagusiak eskatu du Gipuzkoan AHTa martxan jartzeko falta diren obretan aurrera egiten jarraitu dadila eta Donostia, Irun eta Ezkio-Itsasoko geltoki berriak eraikitzeko lanak azkartu daitezela; halaber, Espainiako Gobernuari eskatu dio, espreski, lehentasuna eman diezaiola AHTa Nafarroarekin Ezkio-Itsasotik lotzeari.

Horrekin batera, Mendozak Ezkio-Itsasoko alternatiba berretsi du eta konpromisoa hartu du jarrera hori datozen egunetan osatuko den Eusko Jaurlaritza berriari eta Espainiako Gobernuari helarazteko, "balantza ahalik eta lasterren Ezkio-Itsasoko konexiora bidera dezaten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gipuzkoa Gizartea Gaurko titularrak Gasteiz Gaurko azken ordukoa Euskal Y Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Eider Mendoza gaur