Politika -

Inbestidura saioa

Otxandianok "etorkizuneko herri-proiektu" baterako deia egin eta estatus politiko berrirako eskua luzatu du

EH Bilduren lehendakarigaiaren arabera, herri proiektu horrek eskatzen du beste gobernantza eredu bat. Autogobernuari lotuta, "herri honentzat akordio zabal eta nahikotasunezkoa lortzeko" aukera aprobetxatu egin behar dela gaineratu du.

Pello Otxandiano (EH Bildu)
Pello Otxandiano (EH Bildu)
Sei topagune proposatu ditu EH Bilduk ''herri proiektu partekatu baterako''

2:12

O. A. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak "etorkizuneko herri-proiektu" baterako sei elkargune proposatu ditu eta horietako bakoitzean datozen hamarraldirako ikusten  herri erronkak definituko ditu, 25 guztira. Autogobernuari dagokionez, estatus politiko berriari buruzko eztabaidari heltzeko unea "orain" dela nabarmendu du eta eskua luzatu die "parte hartzeko borondatea" duten guztiei.

Eusko Legebiltzarreko gaurko inbestidura saioan, Otxandiano izan da hitza hartu duen lehendabiziko hautagaia. Hala ere, ez dauka lehendakari izendatzeko babes nahikorik bermatuta eta Imanol Pradales izango da lehendakari berria EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritza berriari begira sinatutako koalizio akordioari esker.

Hautagai subiranistak azaldu duenez, momentu "historiko" gisa definitu duen honek "herri-proiektu partekatu bat eta gobernantza eredu berri bat" eskatzen ditu. Ildo horretan, "anbizio kolektiboa, garapena ulertzeko ikuspegi komunitarioa eta bulkada berdinzalea" berreskuratu behar direla uste du "eraldaketa nazional berri bat" egikaritzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoen egoeraren analisia ere egin du. Horren esanetan, "botilak ura galtzen du" eta "inertziak hautsi" eta norabidea finkatu behar da. Ildo horretan, etorkizuneko herri-proiektu baterako sei elkargune proposatu ditu: Burujabetza estrategikoa irabazi, herri gisako autosufizientzia emendatze aldera; ongizate egiturak eraldatu, errealitate soziodemografiko berrian gizarte berdintasuna bermatzeko helburuz; aztarna ekologikoa jaitsi, krisi ekologikoaren testuinguru historikoan ardurak hartuz; hezkuntza sistema berritu; identitate komunitarioa sendotu, eta segurtasun eredu propioa sortu. dadin.

Estatuaren eta euskal nazioaren arteko aitortza printzipio duen estatus berria aldarrikatu du Otxandianok
Estatuaren eta euskal nazioaren arteko aitortza printzipio duen estatus berria aldarrikatu du Otxandianok
Estatuaren eta euskal nazioaren arteko aitortza printzipio duen estatus berria aldarrikatu du Otxandianok

2:04

Autogobernuari dagokionez, Gernikako Estatutua "agortuta" dagoela eta Estatuaren aldetik "higatua eta urratua" izan dela salatu du. Legebiltzar berria inoizko abertzaleena dela aintzat hartuta, legegintzaldi hau "marko juridiko-politiko" berri bat erdiesteko baliatu behar dela uste du. "Hauxe da momentua, ezin da gehiago itxaron", gaineratu du.

Testuinguru horretan, Otxandianok akordio zabala lortzeko "bokazioa", "ardura" eta "eskuzabaltasuna" agindu ditu eta "momentuak exigitzen duen mailan" egotea eskatu die gainerako talde parlamentarioei. "Gure eskua luzaturik daukazue eztabaida honetan parte hartzeko borondatea duzuen guztiok", gehitu du. Horren ustez, Estatu espainiarrean "halabeharrez" irekiko den lurralde ereduari buruzko eztabaida "aprobetxatu" egin behar da "herri honentzat akordio zabal eta nahikotasunezkoa lortzeko".

Estatus politiko berrirako oinarria EAJk eta EH Bilduk 2018an adostutako Oinarri eta Printzipioen Akordioa izan behar dela uste du, Legebiltzarrean "adostasun ahalik eta zabalena erdiesteko" eta Estatuan "ahots bakarrekin" defendatzeko.

Buruzagi abertzaleak gobernantza eredu berri bat galdegin du Otxandianok, eta Legebiltzarra erdigunean jartzeko eskatu. "Ez dezagun jarduera parlamentarioa tramite huts bihurtu", eta horren adibide jarri du azken ordura arte EAJ-PSE koalizioaren gobernu programa ezagutu ez izana.

Otxandiano: ''Pentsamendu neoliberalaren inertzia kudeatzeak zentzu komunitarioa lausotu digu''
Otxandiano: ''Pentsamendu neoliberalaren inertzia kudeatzeak zentzu komunitarioa lausotu digu''
Otxandiano: ''Pentsamendu neoliberalaren inertzia kudeatzeak zentzu komunitarioa lausotu digu''

1:57

Osakidetzari lotuta Otxandianok esan du ikusteko dagoela Eusko Jaurlaritza berriak "kalitatezko osasun sistema publiko" baten aldeko apustuari helduko dion, Lehen Arreta oinarri hartuta, edo "gaur egungo atzerapauso argiaren norabidean" sakonduko duen.

Hezkuntzaren alorrari helduta, EH Bilduren lehendakarigaiak adierazi du euskal hezkuntza sistema eraldatzen ari dela jaiotza-tasaren jaitsieragatik, aldaketa soziodemografikoengatik eta digitalizazioagatik. "Elkarguneak" daudela azpimarratu du ondoren, gogora ekarri du Hezkuntza Akordioak datozen 10 urteetarako 43 ekintza-ildo jasotzen dituela eta "akordioaren izpiritua" berreskuratzeko deia egin du.

Halaber, segregazioan eta euskararen irakaskuntzan "jauzia" egitea galdegin du. Ildo horretan, egungo A, B eta D hezkuntza ereduak atzean utzi eta erdietsi beharreko hizkuntza gaitasunak zehaztu egin behar direla berretsi du. "B2 hizkuntza profila definitu da Legean irteera profil gisa, helburu horretan sakondu egin behar da ordea", gaineratu du.

Bestalde, terrorismoari lotuta, "iragan hurbilaren gaineko irakurketa kritiko partekatu bat, gatazka politikoak ekarri duen sufrimenduaren gaineko memoria plural bat" eraikitzea defendatu du, uste baitu ezin daitekeela etorkizuna eraiki iraganari bizkarra emanez. "Beste behin, adierazi nahi dut ezkerreko subiranismoaren erabateko konpromisoa datozenak izan daitezen adiskidetzerako urteak eta ezarri ditzagun, guztion artean, eskubide guztien errespetuan oinarrituko den bizikidetzarako oinarriak", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Nafarroa Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Pello Otxandiano