Politika -
Koalizio akordioa
Koalizio gobernua osatzeko akordio programatikoa izenpetu dute EAJk eta PSE-EEk
Imanol Pradalesek azalduko ditu 100 orrialde baino gehiagoko itunaren xehetasunak osteguneko inbestidura saioan.
EITB MEDIA
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritza berria osatzeko akordio programatikoa izenpetu dute.
Aurreko bi legealdietan bezala, Eusko Legebiltzarreko bigarren solairuan dagoen mahai bereziaren gainean sinatu dute.
100 orrialde dituen itunaren xehetasunak ostegun honetan emango ditu Imanol Pradalesek osteguneko inbestidura saioan. Hala ere, adostutako testuaren 20 orrialdeko laburpen bat zabaldu dute gaur goizean bi herrialdeek.
EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritza berria osatzeko programa akordioak bost ardatz eta 32 jardun arlo izango ditu "Euskadi globala eraikitzeko" asmoz. Gaur goizean sinatutako dokumentuak "Ongizatean hazi" du izenburutzat, eta bi alderdiek XIII. legegintzaldirako dituzten lehentasun eta lan ildoak marraztu ditu.
Lan-lerro eta lehentasun horien artean ageri dira Osakidetza, trantsizio energetikoa eta ingurumena, kalitatezko enplegu duina, eta gazteriaren eta emantzipazioaren aldeko neurriak.
Autogobernu berriaz, berriz, ez dira oraingo honetan bi alderdien arteko desadostasunak hitzartu, nahiz eta Andoni Ortuzar EAJko buruak esan bezala, aukera izango duen alderdi politiko bakoitzak bere proposamena aurkezteko. Hori bai, jasota geratu da ez dela zerotik abiatu behar eta Eusko Legebiltzarrean orain arte egindako lanak balioko duela estatus berriari buruzko lanketan aurrera egiteko.
Sinadura ekitaldiaren osteko prentsaurrekoan Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak nabarmendu duenez, akordio programatikoa datozen lau urteetarako bide orria izango da eta Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren interesak eta kezkak barne hartzen ditu. Horrez gain, gobernu berriak Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoaren babesa izango duela azpimarratu du.
Hala ere, oposizioko talde parlamentarioei eskua luzatu die eta akordioa "modu positiboan eta eraikitzailean" irakurtzeko eskatu.
Era berean, "gobernu programa handia" dela adierazi du Ortuzarrek, zerbitzu publikoak bermatzeaz gain EAEko herritarren eskaerei eta beharrei erantzuten diena.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia baikor mintzatu da eta EAJrekin sinaturiko akordioak gehiengo sozialarekin bat egingo duela uste du. Ildo horretan, EAEko sindikatuei, eragile sozialei eta sektore ekonomikoei laguntza eskatu die.
Buruzagi sozialistaren esanetan, PSE-EEk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lorturiko emaitza "onei" esker gobernu programa "progresista" adostu dute.
Ortuzarren ildo beretik, Anduezak ere eskua luzatu die gainerako talde parlamentarioei, baina erabaki gehienak EAJren eta PSE-EEren gain egongo direla gogoratu du.
Eusko Jaurlaritza berriaren egitura
Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, EAJk azken lau urteotan kudeatu dituen sailetako batzuk zuzentzen jarraituko du: Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna, Ekonomia eta Ogasuna, eta Kultura. Era berean, ia ziurtzat eman da PSE-EEren esku segituko dutela aurreko legegintzaldian sozialistenak izan diren departamentuak: Enplegua eta Lana, Lurralde Plangintza eta Garraioak eta Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa. Litekeena da Etxebizitza ere zerrenda horretan egotea.
EAJk eta PSE-EEk esana dute Imanol Pradalesek berak ekainaren 22an lehendakari kargua hartu ondoren jakinaraziko duela Eusko Jaurlaritza berriaren osaera.