Politika -

EAJ-PSE AKORDIOA

Osakidetza, trantsizio energetikoa eta enplegua, EAJ-PSE akordioaren lehentasunen artean Eusko Jaurlaritzarako

Jeltzaleek eta sozialistek gaur arratsaldean adostu dituzte akordioaren azken hari-muturrak. Oraingo honetan, autogobernu berriaz ez dira bi alderdien arteko desadostasunak hitzartu.

EAJko eta PSE-EEren arteko bilera. Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
EAJko eta PSE-EEren arteko bilera. Artxiboko irudia.
EAJko eta PSE-EEren arteko bilera. Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk itxi dute Eusko Jaurlaritza berria osatzeko akordioa. EITB Mediak jakin ahal izan duenez, 100 orrialde baino gehiagoko txosten batean daude jasota datorren lau urteetarako lan-lerro, lehentasun eta ekimen nagusiak.

Osakidetza agertzen da lehen lerroan. Jeltzaleak zein sozialistak bat datoz osasun sistema lehentasunezkoa dela nabarmentzean. Halaber, trantsizio energetikoak eta ingurumenak duela lau urte baino pisu gehiago dute itxi berri duten akordioan, eta  kalitatezko enplegu duina ere ageri da sustatu beharreko helburu nagusien artean, gazteriaren eta emantzipazioaren aldeko neurriekin batera. 

Autogobernu berriaz, berriz, ez dira oraingo honetan bi alderdien arteko desadostasunak hitzartu, nahiz eta Andoni Ortuzar EAJko buruak esan bezala, aukera izango duen alderdi politiko bakoitzak bere proposamena aurkezteko. Hori bai, jasota geratu da ez dela zerotik abiatu behar eta Eusko Legebiltzarrean orain arte egindako lanak balioko duela estatus berriari buruzko lanketan aurrera egiteko.

Bihar 11:00etan Eusko Legebiltzarrean sinatuko dute koalizio-gobernua eratzeko akordioa EAJk eta PSE-EEk. Aurreko bi legealdietan bezala, Eusko Legebiltzarreko bigarren solairuan dagoen mahai bereziaren gainean sinatuko dute. Imanol Pradales lehendakarigai jeltzalearekin batera, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia izango dira bertan.

Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, EAJk azken lau urteotan kudeatu dituen sailetako batzuk zuzentzen jarraituko du: Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna, Ekonomia eta Ogasuna, eta Kultura. Era berean, ia ziurtzat eman da PSE-EEren esku segituko dutela aurreko legegintzaldian sozialistenak izan diren departamentuak: Enplegua eta Lana, Lurralde Plangintza eta Garraioak eta Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa. Litekeena da Etxebizitza ere zerrenda horretan egotea. 

EAJk eta PSE-EEk esana dute Imanol Padralesek berak ekainaren 22an lehendakari kargua hartu ondoren jakinaraziko duela Eusko Jaurlaritza berriaren osaera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza berriak Andoni Ortuzar argazkiak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza gaur Albisteak Imanol Pradales