Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Urkulluren azken gobernu bilera, Kataluniako bilera erronda eta Saretzen: maskotak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko ekainaren 18an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Urkulluren azken gobernu bilera: 12 urtez Eusko Jaurlaritzako buru izan ondoren, gaur Iñigo Urkullu lehendakariak bere azken gobernu bilera gidatuko du, eta azken ekitaldi ofiziala ere egingo du Lehendakaritzan. Osteguneko inbestidura saioaren ondoren, Iñigo Urkulluk larunbatean emango dio aginte-makila ezustekorik ezean bere ondorengoa izango den Imanol Pradales jeltzaleari, Gernikako Juntetxean.
- Kataluniako bilera erronda: Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak bilera erronda abiatuko du talde parlamentarioekin hautagairen batek inbestidurarako babes nahikorik baduen ala ez egiaztatzeko. Goizean PP, Vox eta En Comurekin batzartuko da eta arratsaldean CUPekin eta Aliança Catalanarekin. Asteazkenean PSCren, Juntsen eta ERCren txanda izango da. Biharko hitzorduan Salvador Illa sozialistak denbora gehiago eskatuko dio Parlamentuko presidenteari ERCrekin eta En Comurekin akordioa lortu ahal izateko.
- Saretzen txostena: maskotak: Haurrak baino txakur gehiago dago Hego Euskal Herrian, EiTBk eta Tokikomek elkarlanean egindako laugarren Saretzen txostenaren arabera. Europar Batasunean (EB) maskotarik ugariena katua den bitartean, Espainiako Estatuan txakurrak dira konpainiarako animalia nagusia: lau etxetatik batean halakoren bat dago; Euskadin eta Nafarroan, berriz, kopurua zertxobait txikiagoa da, eta bost familiatik batek du lau hankadun maskota bat gutxienez.