Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: EAJ-PSE aurreakordioaren onarpena, Bilboko EGE eta Karrantzako tiroketaren epaiketa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko ekainaren 17an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EAJ-PSE aurreakordioaren onarpena: EAJk eta PSE-EEk gaur onartuko dute Eusko Jaurlaritzarako koalizioaren aurreakordioa, Imanol Pradales lehendakari izango duena. EAJri dagokionez, Aberri Batzarrak berretsiko du akordioa. Jeltzaleen kongresu arteko organo gorena arratsaldean bilduko da Sabin Etxean (Bilbo), 19:00etatik aurrera egingo duten ezohiko bileran. PSE-EEko militanteek bozketa bidez onartuko dute aurreakordioa. Asteburuan telematikoki bozkatu ondoren, gaur herriko etxeetan aurrez aurre egin ahalko dute.
- Bilboko Emisio Gutxiko Eremua (EGE): Gaurtik aurrera ezingo dira Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan (EGE) sartu ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuak eta A etiketa dutenak —2000. urtea baino lehen matrikulatutako gasolina motorra duten ibilgailuak eta 2006. urtea baino lehen matrikulatutako diesel motorra dutenak—. Dena den, "trafiko arau-haustea" izango den arren, irailaren 15era arte ez dute zigorrik jarriko. Hala ere, salbuetsita egongo dira eremu horretan erroldatutakoak eta mugikortasun urriko pertsonak.
- Karrantzako tiroketaren epaiketa: Gaur abiatuko da Bizkaiko Auzitegian, Karrantzan 2020ko irailean izandako tiroketa argitzeko epaiketa. Tiroketan hiru pertsona zauritu ziren eta Ertzaintzaren arabera, itxuraz, marihuana landareak lapurtu nahian ari zirela sortutako liskarrak eragin zuen erasoa.