Politika -

UDAL OSAKETEN URTEURRENA

Udal hauteskundeetatik urtebetera, 'stand-by' egoeran jarraitzen du Gernika-Lumoko Udalak

Jose Maria Gorroño EAJren babesarekin iritsi zen alkatetzara, baina hilabetera dimititu eta anaiak hartuko zuela kargua adostuta. Ez zuen horrelakorik egin, ordea, eta alkate izaten jarraitzen du. EAJk eta EH Bilduk "paralisia" salatzen dute eta aukera guztiak dituzte mahai gainean.

Irazabal, Gorroño eta Bilbao, EITBren mikroen aurrean.
Irazabal, Gorroño eta Bilbao, EITBren mikroen aurrean.
Irazabal, Gorroño eta Bilbao, EITBren mikroen aurrean.

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2023ko udal hauteskundeetatik eratorrita udal-gobernu osaketen urteurrena ate-joka den honetan, giroa gaiztotuta dago Gernika-Lumon. Kargua hartu eta hilabete eta erdira dimititu egingo zuela esan zuen alkate berarekin jarraitzen dute bertan, oposizioa ez da ados jartzen hura kargutik kentzeko eta egoerak eragindako tentsioa dela-eta protesta kontzentrazioa egin dute langileek aste honetan bertan, laneko giroa "jasanezina" dela salatzeko, besteak beste.

Iazko abendutik zentsura-mozioa aurkezteko aukera aztertzen ari dira EAJ eta EH Bildu Jose Maria Gorroño Guztiontzako Herria plataformako alkatearen kontra, baina ez da horrelakorik gauzatu orain arte. Aukera gertu egon zen duela hilabete batzuk, baina bi alderdiek Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan dituzten ezadostasunek zapuztu egin zuten erabakia.

Astelehen honetan, urtea beteko da iazko udal hauteskundeetatik, alkateek kargua hartu zutenetik, eta urteurren horren atarian, Gorroñorekin hitz egin du EITB Mediak. "Kontzientzia lasai" duela berresteaz gain, negoziazioei berrekiteko eskatu die alkateak jeltzaleei.

2023ko maiatzean EH Bildu izan zen Gernika-Lumon alderdi bozkatuena, Gorroñok sortutako Guztiontzako Herria plataforma bigarrena eta EAJ hirugarrena. Udala osatu baino egun batzuk lehenago, Gorroñok akordioa itxi zuen Bizkai Buru Batzarrarekin, alkatetzari eusteko baina baldintza batekin, kargua hartu eta hilabete eta erdira dimititu egin behar zuen eta Iñaki anaiak hartu alkatetza. Izan ere, azken legealdian ere EAJrekin koalizioan gobernatu zuen Juan Mari Gorroñok, baina haserrea eta haustura izan zuten udal-taldean 2022an eta ez zuten hark alkatetzan jarraitzea nahi.

Akordioa erdietsita, alkatetza hartu zuen Juan Mari Gorroñok baina ez zuen dimititu eta karguan jarraitzen du gaur egun. EAJk "hitza ez betetzea" leporatzen dio alkateari, baina berak dio EAJ dela hitza bete ez duena, "ez duelako akordioa errespetatzeko asmorik" eta ez duelako anaia jarriko, eta horregatik ez duela dimititzen.

"Paralisia" salatzen du oposizioak

Xabier Irazabal Gernika-Lumoko EAJko zinegotzi eta buruak argi du Gorroñok dioena "aitzakia" dela. "Orain urtebete aukera egon zen gobernu sendo bat egoteko, baina berak erabaki zuen publikoki hartutako konpromisoa ez betetzea eta alkatetzan jarraitzea jakinda horrek ezegorkortasuna ekarriko zuela, baina berari berdin dio, berari ardura zaion bakarra alkatetzan jarraitzea da", salatu du Irazabalek EITBko mikroen aurrean.

Negoziatzeko egindako eskaintza ere ez du sinesten Irazabalek, "urte osoan ikusi dugu ez daukala borondaterik ez elkarlanerako ezta negoziatzeko ere, eta herri honek behar duena da elkarlan gehiago eta adostasun gehiago, eta autoritarismo gutxiago, inposaketa gutxiago", dio.

Ez du argitu zentsura-mozioa babesteko prest egongo liratekeen, baina "aukera guztiak mahai gainean" daudela adierazi du. "Guk aukera guztiak zabalik dauzkagu, gauza bat argi dagoelako, egoerak ezin du horrela jarraitu, herria ezin da horrela egon. Ikusten ari gara gobernu honek daukan paralisia eta utzikeria, eta horri buelta eman behar zaio".

Ildo berean, "paralisia" aipatu dute EH Bildutik ere. Jose Ramon Bilbao koalizio abertzaleko bozeramaileak argi du: "Bakoitzak errelato bat asmatu dezake, baina urtebete pasatu da eta ez da ezer aldatu. Paralisi egoera mantentzen da pertsonalismoagatik eta akordioetara heltzeko borondate zein gaitasun faltagatik".

"Herri honek lidergo berri bat nahi duela adierazi du, lidergo horrek elkarlanean aritzeko izan behar du, eta guk daukagu lidergo hori hartzeko ardura. Guk hasietatik esan dugu argi hau, eta gure eskaintza mahaia gainean dago", berretsi du Bilbaok: "Konponbiderako aukera guztiak zabalik daude, eta akordio bat behar da Gernikaren alde lan egiteko. Gu lidergoa hartzeko prest gaude".

Gaur egun, 6 zinegotzirekin gutxiengoan gobernatzen du Gorroñok (EH Bilduk ere 6 ditu eta EAJk 5). 17 urte urte daramatza Gernikako alkate izaten: 2007tik 2011ra Eusko Alkartasunarekin aurkeztuta; 2011tik 2015era EA eta ezker abertzalea bilduta sortu zen Bildurekin; 2015-2019ra Euzko Albertzaleak izenpean aurkeztu zen eta EAJrekin koalizioan gobernatu zuen; 2019tik 2023ra aurreko formula bere errepikatuta gobernatu zuen, baina 2022an EAJrekin haserretu eta hurrengo hauteskundeetarako Guztiontzako Herria sortu zuen. 2023ko hauteskundeetan bigarren geratu zen alderdi berri horrekin, eta EAJrekin akordioa erdietsi zuen alkate izaten jarraitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Gernika-Lumo EH Bildu Nafarroa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa