Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

'Memoria eta Errekonozimendu Koadernoak' eman dizkiete epai bidez ebatzi ez diren ETAren biktimen familiei

1978 eta 1982 bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eraildako pertsonen 10 koaderno banatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Gertatutakoaren "testigantza une oro" ematea eskatu dute omenaldian, berriro gerta ez dadin antzeko zerbait.

'Memoria eta Errekonozimendu Koadernoak' banatzeko ekitaldia. Argazkia: EFE
'Memoria eta Errekonozimendu Koadernoak' banatzeko ekitaldia. Argazkia: EFE
'Memoria eta Errekonozimendu Koadernoak' banatzeko ekitaldia. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 'Memoria eta Errekonozimendu Koadernoak' eman dizkie epai bidez oraindik argitu gabe dauden ETAren 10 biktimaren senideei. Guztira, 1978 eta 1982 bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eraildako pertsonen 34 dokumentu argitaratu dira, eta horietako 33 emango dira.

Gasteizko Goiuri jauregian egin dute horiek banatzeko ekitaldia, gaur, eta biktima horien senide batzuek parte hartu dute bertan. 

"Hil egin zituzten. Haien bizitzak eta izenak ezabatu nahi izan zituzten. Beren ametsak apurtu zituzten. Baina ez, inoiz ez dute lortuko zuen memoria ezabatzea", adierazi du Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako jarduneko sailburuak. 

"Hori da koaderno hauen zentzua; bakoitzaren bizitzaren eta kasuaren espediente judizialaren trazuak eta zertzeladak jasotzen ditu", azaldu du Melgosak. "Guztioi esan, baita bizia kendu zietenei ere: Ez, ez zenuten lortu. Zuon bihotzean eta herri honen oroimen kolektiboan oso presente jarraitzen duzue", gaineratu du. 

Senideek omenaldian parte hartu duten pertsona guztien maitasuna jaso dute. Senide horietako bik ere hartu dute hitza ekitaldian: Conchi Galindez Bonillak, ETAk 1981eko uztailaren 25ean Amurrion hildako Felix Galindez Llanoren ilobak; eta Jose Miguel Cedillo Garciak, ETAk 1982ko irailaren 14an Errenterian hildako Antonio Cedillo Toscanoren semeak.

Conchik nabarmendu duenez, ETAren atentatuez geroztik, biktimek "motxila oso handi bat" daramate, eta bakoitzak "ahal duen moduan kudeatzen du". Etorkizunari begira, "gaur egungo gazte askok ez dakite zer gertatu zen", deitoratu du, eta, horregatik, "gauza horiek inoiz ez errepikatzeko" eskatu die gazteei, terrorismoa gogoan hartuta.

Bestalde, Jose Miguel gertatutakoaren "testigantza une oro" ematearen alde agertu da, antzeko zerbait berriro gerta ez dadin eta biktimak beti oroitzeko.

'Memoria eta Errekonozimendu Koadernoek' txosten batean jasotzen dute nortzuk izan ziren, nola bizi izan ziren eta nola hil ziren ETAren terrorismoaren biktima horiek, horien kasuak konpondu gabe baitaude, baita senideek AVTren laguntzarekin emandako hainbat material grafiko ere.

Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak sinatutako dokumentu bat erantsi da. "Eusko Jaurlaritzaren aitorpen instituzionala" adierazten zaio bertan biktimaren familiari, "egia eta justizia izateko eskubidearen aldeko ekarpen gisa", eta hilketa bakoitzaren bidegabekeria azpimarratzen da.

Dokumentuan, lehendakariak "bere familia eta pertsona maitatuenekin partekatzen du bizitzeko eskubidea bidegabeki zapuztuta ikusi zuen pertsona baten oroitzapena, aitorpena eta omenaldia". Helburua argi azaltzen du testuaren amaieran: "memoria mantentzeak antzeko zerbait berriro gerta ez dadin laguntzen du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Atentatuak ETA Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak