Politika -
Katalunia
Fiskal nagusiak amnistia legea aplikatzeko agindu die Kataluniako prozesuko fiskalei eta horiek uko egin diote
Diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortutako lau buruzagiei eta arrazoi beragatik eta desobedientziagatik auzipetutako beste hiruri amnistia emateko agindu du, hain zuzen ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Estatuko fiskal nagusiak, Alvaro Garcia Ortizek, Kataluniako prozesu independentistan esku hartu zuten lau fiskalei agindu die eska diezaiotela Auzitegi Gorenari amnistia legea buruzagi kataluniarren aurkako auzi guztietan aplikatzeko. Lau fiskalek, aldiz, uko egin diote agindutakoa betetzeari.
Garcia Ortizek txosten juridiko bat igorri die fiskalburuei, eta Fiskalen Batzordea deitu du astearterako, Gorenak zigortutako buruzagi kataluniarrei amnistia legea aplikatzeari buruz duen jarrera zehazteko. Horixe da, hain zuzen ere, Kataluniako prozesu subiranistako fiskalek idatziz eskatu zutena, ez baitzuten begi onez ikusi diru publikoa bidegabe erabiltzearekin lotutako delitua barkatzea.
Fiskal nagusiak, baina, arrazoi horrengatik zigortutako lau buruzagi kataluniarrei (Oriol Junqueras presidente ohiari eta Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa kontseilari ohiei) amnistia emateko galdegin du, baita ihes egin zuten Carles Puigdemont presidente ohiari eta Toni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiei ere (diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta desobedientzagatik auzipetu zituzten).
Fiskal nagusiari bidalitako idatzian, agindua ez dela bidezkoa eta "legeen aurkakoa" dela erantzun diote Javier Zaragoza, Consuelo Madrigal, Jaime Moreno eta Fidel Cadena fiskalek.
Aipaturiko fiskalek aurretiko txostenean egin zuten bezala, auzi horretatik kentzeko eskatu diote fiskal nagusiari, baldin eta diru publikoa bidegabe erabiltzearekin lotutako delitua barkatzeko irizpideari eusten badio.
Edozein kasutan, fiskal nagusiak izango du azken hitza.
Gorenak bertan behera utzi ditu "aldi baterako" Puigdemonten eta Wagensbergeren zitazioak
Auzitegi Goreneko magistratu Susana Polok "aldi baterako" bertan behera utzi ditu Carles Puigdemont presidente ohia eta Ruben Wagensberg ERCko diputatu ohia Tsunami Democratic auziarekin lotuta epaitegietara deitzeko egindako eskaerak.
Aitzitik, ez du Puigdemonten auzian emandako ebazpenaren ohartarazpena geldiarazi.