Politika -

PLAN ESTRATEGIKOA

Gipuzkoako Aldundiak "berrikuntza politikoan jauzia" egingo du, erronka sozial eta ekonomikoei erantzuteko

Eider Mendoza diputatu nagusiak foru erakundearen 2024-2027 ibilbide-orria aurkeztu du gaur. Lau ardatz izango ditu: zaintza, ekonomia berritzailea, klima-aldaketa murriztea eta lankidetzako gobernantza.

Eider Mendoza, gaur, Chillida Lekun (Hernani) egin duten aurkezpenean. Argazkia: EFE
Eider Mendoza, gaur, Chillida Lekun (Hernani) egin duten aurkezpenean.
Eider Mendoza, gaur, Chillida Lekun (Hernani) egin duten aurkezpenean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Berrikuntza politikoan jauzi bat emango dugu, desafio sozial eta ekonomiko emergenteei lankidetzan erantzutea helburu". Hitzok erabili ditu Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak foru erakundearen 2024-2027 Plan Estrategikoaren aurkezpenean, Hernaniko Chillida Lekun.

Mendozaren hitzetan, planaren xede nagusia ondorengoa da: "pertsona guztien ongizate integrala bilatzea, hori da gure lana gidatzen ari den koordenatu nagusia". Foru Aldundiak ezarritako bide-orri estrategikoak "bulkada berritzailea" dakarrela gehitu du, "desafio sozial eta ekonomiko emergenteen aurrean erantzun berriak eta partekatuak jorratzeko bidea zabaltzen duelako".

Datozen urteotan eman nahi duten jauzi politikoa egiteko, "lau zutabe nagusitan" eragiteko asmoa du Aldundiak. Lehenik, "pertsona orori kalitatezko zaintza eta babesa bermatzea" izango da helburuetako bat, gizarte zerbitzuek eskaintzen duten arretaren "pertsonalizazioan, berrikuntzan eta komunitatearen partaidetzan" urrats berriak emanez.

Bigarren ardatza, berriz, ekonomia lehiakorra eta berritzailea garatzen jarraitzea da, industria sektore berriak sustatuz, pertsonentzat eta enpresentzat aukerak sortzen dituen lurraldea izateko, proiektu erakargarrietan parte hartu eta hazten segitzeko".

Aldaketa klimatikoaren eragina murrizteko neurriak kokatu ditu Mendozak hirugarren zutabean. "Gipuzkoa jasangarria, berdea, erresilientea, orekatua, kohesionatua eta interkonektatuaren alde egitea".

Eta, azkenik, Gipuzkoa "demokratiko, bidezko eta arduratsu bat eraikitzen jarraitzeko" konpromisoa agertu du, lankidetzazko gobernantzan sakonduz.

Lau zutabe horietatik abiatuz, 2024-2027 tarterako egitasmoak 118 ekintza lerro ezartzen ditu datozen urteetarako.

Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako jarduneko sailburuak, eta baita, gizarteko hainbat alorretako ordezkaritza zabala ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia Eider Mendoza albisteak