Politika -

GURE ESKU

Bagara bideo-maratoia jarriko du martxan Gure Eskuk, “Euskal Herriaren berezitasunak irudikatzeko”

Bideo-kate erraldoi baten bidez, "gure herriaren nondik norakoak, zirrikituak eta berezitasunak erakustea" nahi dute. Herri Libre Bat kanpainaren barruan kokatu dute gaur aurkeztu duten ekimena.

Bagara bideo maratoia aurkeztu du Gure Esku mugimenduak, Euskal Herriaren ''nortasuna irudikatzeko''

0:45

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Aurrerapausoak emateko unea dela deritzogu, subiranotasuna eta herri edo nazio aitortza erdigunean kokatuz, herri gisa koxka bat gorago jartzeko. Herri gisa lorpen batzuk eskuratzeko unea da. Horri erantzun nahi dio Herri Libre Bat kanpainak. Horretarako, aparteko deialdi bat egin nahi die euskal herritar guztiei: denok batera eta gure indar guztiekin bultzatzeko unea iritsi da".

Modu horretan aurkeztu du Gure Esku dinamikak abian jarriko duen hurrengo dinamika: Bagara bideo-maratoia. Herriz herri eta herritarrek grabatutako bideoen bidez, "Euskal Herriaren berezitasunak irudikatzea" da asmoa.

Donostian egin duten agerraldian eman ditu ekimenari buruzko xehetasunak Josu Etxaburu Gure Esku mugimenduko eledunak. Esan duenez, "arriskuz eta aukeraz beteriko uneak bizi ditugu". "Arriskuak agerikoak dira, eskuin muturraren gorakada Europa osoan, burujabetzaren aurkako oldarraldi jarraituak, autoritarismoaren indartzea, krisi anizkoitzak, gerra giroa eta abar... baina garai ziurgabe guztiak bezala, aukeraz beteriko eskenatoki batean gaude, erronkez betea", erantsi du.

Agertoki horren aurrean, herritarrak aktibatu eta herri nortasuna erakustea nahi du Gure Eskuk. Bideo-kate erraldoi baten bidez, "gure herriaren nondik norakoak, zirrikituak eta berezitasunak erakustea" nahi dute.  Horretarako, "Euskal Herriko herri bakoitza jarri nahi dugu martxan, taldeen arteko elkarlana sustatuz gurekin bat egin dezaten eta hala gure herria irudikatuko dugu, bat garela eta bagarela ikusaraziko dugu".

Lan guztien emaitza azaroaren 16an erakutsiko dute, Gure Eskuren Bideo Maratoiaren egunean.  Bideoak jasotzeko eta ekimenari buruzko zalantzak argitzeko, ondorengo helbidea jarri dute herritarren eskura: bideomaratoia@gureeskudago.eus.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoako herriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Gure Esku Eguneko albisteak Albisteak Zuberoa albisteak Lapurdi Nafarroa Behereko berriak