Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Alderdiak inbestidurara begira, aurkikuntza arkeologikoa Bizkaian eta Gazako egoera
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko ekainaren 12an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EAEko alderdiak, inbestidurara begira: Imanol Pradales lehendakari izendatuko dute ekainaren 20ko inbestidura saioan, EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritza osatzeko aurreakordio programatiko bat lortu ostean. Hala ere, ez da hautagai bakarra izango, EH Bilduk Pello Otxandiano aurkeztuko baitu inbestidurara. EH Bilduren ustez, "EAJ-PSEren jardunbideak agerian uzten du Pello Otxandiano hautagai gisa aurkezteko eta bere herri proiektua planteatzeko beharra", jeltzaleek eta sozialistek lehendakariaren inbestidura saioa tramite huts gisa deitu zutela iritzita.
- Aurkikuntza arkeologikoa Bizkaian: Bizkaian aurkitutako duela 150.000 urte baino gehiagoko fosilen aurkikuntzan oinarritutako ikerketa arkeologikoaren emaitzen aurkezpena egingo dute Bilboko Arkeologia Museoan. Fosil horiek Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia Saileko Asier Gomez Olivencia buru duen ikerketa-taldeak aztertu ditu.
- Gazako egoera: AEBk Gazarako egindako su-eten proposamena Hamasek babestu izanak itxaropena piztu du Ekialde Hurbilean. Azken orduetan zabaldutako ohar batean, Hamas prest agertu da bitartekariekin "elkarlanean" aritzeko eta negoziatzen hasteko, besteak beste, su-eten proposamenak "gure herriaren eskaerekin eta gure erresistentziarekin" bat egiten duelako. Hamasen jarrera ezagutu berritan, AEBk adierazi du Hamasen erantzuna aztertzen ari direla.