Politika -
Europar Batasuna
Nolako pisua izango du ultraeskuinak Europar Batasunean Parlamentuan eserlekuak irabazi ondoren?
Eskuinarekin akordioak lortzeko gaitasunaren araberakoa izango da. Kontseilu Europarra, besteak beste, ez da aldatuko, ez delako hauteskundeen bitartez hautatzen.
Mikel Dominguez | EITB Media
Hauteskundeen ondorioetako nagusia da ultraeskuindarren gorakada Europako Parlamentuan, baina, ganbaran presentzia handiagoa izan arren, ikusteke dago Europar Batasunaren erabakietan izango duten benetako pisua, boterea eta eragina.
Europako Alderdi Popularraren eskuinean Europako Kontserbadore eta Erreformistak (4 eserleku gehiago: 73) eta Identitatea eta Demokrazia (9 ordezkari gehiago: 58) daude.
Eskuin muturreko bi multzo horiei talderik ez duten beste alderdi batzuk gehitu behar zaizkie. Esaterako, Alemaniarako Alternatiba (15 europarlamentari) edo Fidesz-Hungariako Batasun Zibikoa (bere herrialdean irabazlea 10 eserlekurekin).
Gai askotan denek antzeko iritzia duten arren, bi talde handien eta horietan ez dauden eskuin erradikaleko alderdien jarrerak askotarikoak dira beste gai garrantzitsu batzuetan, batez ere gerrari dagokionez.
Nolako eragina izango dute Parlamentuko bozketetan?
Berez, bi taldeen eserlekuen batura (131 eserleku guztira) eta talderik ez duten alderdiena ez da nahikoa erabakiak hartzeko, gehiengo osoa behar baita (720tik 361 boto). Popularrekin adosteko ahalmenaren esku egongo da dena. Ziurrenik, zaila izango dute legeak onartzeko gehiengo egonkor bat lortzea, baina zuzenketa zehatzak bultza ditzakete.
"Beste batzuetan baino denbora gehiago beharko da paraleloan egindako 27 hauteskunde hauetatik ondorioak eta gehiengo parlamentario argi bat ateratzeko; nire ustez, gehiengo hori malgua izango da, eta ez iraunkorra, aldatzen joango baita, Batzorde berriak Parlamentuari aurkezten dizkion proposamenen arabera", uste du EFEk aipatutako Alberto Alemanno Europar Batasuneko Zuzenbideko irakasleak.
Eraginik izango al dute EBren Exekutiboan?
Europako hauteskundeetan Europako Parlamentua osatzen duten 720 eserlekuak aukeratzen dira. Parlamentuak Europar Batasunaren botere legegilaren zati bat du.
Legeez arduratzen den beste zatia EBko Kontseilua da, herrialde bakoitzeko gobernuetako ministroek osatua. Beraz, hauteskundeetatik erabat independentea da.
Era berean, Kontseilu Europarra EBko kideen estatuburuek eta gobernuburuek osatzen dute. Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron daude Kontseiluan. Erakunde hori ere ez da aldatuko, ez baita hauteskundeetan aukeratzen.
Europako Batzordea, ordea, Parlamentuak aukeratzen du, betiere Kontseiluaren proposamenen artean. Eskuindarragoa den parlamentu batek nolabaiteko eragina izan dezake Batzordeko presidentearen aukeraketa (gaur egun, Ursula von der Leyen) berresteko edo komisario taldea desorekatzeko. Izan ere, Parlamentuaren osaketa kontuan izaten du Kontseiluak. Edozein kasutan, estatuburuen edo gobernuburuen arteko akordioaren ondorio izango dira.
Nola antolatuko dira eskuin erradikaleko eurodiputatuak?
Ikusteko dago oraindik zer gertatuko den talderik ez duten alderdiekin. 100 baino gehiago dira, baina kontuan izan behar da denak ez direla ultraeskuinekoak. Hain zuzen ere, Juntseko europarlamentariak ez du talderik.
Gaurtik aurrera, lehendik dauden taldeetan sartu daitezke, edo, talde berriak eratzen badira, haiekin bat egin. Aritmetikoki posible izango dute bi taldeen eta besteen botoak popularrekin batzea, zenbait unetan gehiengo estuak aurrera ateratzeko.
Boto haztatua
Taldeen arteko negoziazioak konplexuak dira hemizikloko bozketetan, talde bakoitzaren barruan ere estatuen araberako diferentziak baitaude. Baina Parlamentuko beste foro batzuetan boto haztatuaren bidez hartzen dira erabakiak, hau da, pertsona bakar batek koordinatzen du talde osoaren botoa.
Agenda edo lan legegileari buruzko erabakiak hartzen dituzten batzorde parlamentario horietan, ez dago barne eztabaidarako tarterik. Beraz, errazagoa da gehiengo osora iristea, adibidez, popularren, eskuin muturreko bi taldeen eta Renew Europe taldeko liberalen artean, buruzagien edo bozeramaileen boto haztatuaren bitartez.