Politika -

Europako hauteskundeak

Otegik "joera estruktural baten" baitan kokatu ditu Europako hauteskundeetan EH Bilduk lortutako emaitzak

Koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusia pozik agertu da atzoko emaitzekin, eta, horiek mahai gainean, eskaintza egin dio berriro EAJri, Estatu mailako bozetan "herri gisa" aurkezteko.

Otegi, gaurko prentsaurrekoan. EFE
Otegi, gaurko prentsaurrekoan.
Otegi: ''Joera estruktural bat da ezker independentista geroz eta indartsuago dagoela Euskal Herrian''

1:30

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia pozik agertu da koalizio subiranistak Europako hauteskundeetan lortutako emaitzekin —280.000 botorekin, lehen indarra izan da EAEn, eta hirugarrena, Nafarroan— eta emaitzok "joera estruktural" baten baitan kokatu ditu.

"Europako hauteskundeetako emaitzak bat datoz ziklo elektoral osoan izandako arrakastarekin: azken hauteskunde guztietan igo egin gara, eta joera estruktural baten aurrean gaude: ezker independentista geroz eta indartsuago dago Euskal Herrian", azaldu du. 

Ekainaren 9rako hauteskundeen emaitzen balorazioa egin du goizean EH Bilduren Mahai Politikoak, eta ondoren, prentsa aurrera azaldu da Otegi. 

Kazetarien galderei erantzunda, EH Bilduren koordinatzaile nagusiak argudiatu du, emaitzei erreparatuta, "baten batek gogoeta" (EAJri zuzenduta) egin beharko lukeela, eta jeltzaleei datozen Espainiako Estatu mailako bozetan "herri gisa" aurkezteko eskaintza egin dio berriro —kanpaina betean egin zion proposamena EAJri—. "Espainiako hauteskunde orokorretan edo Europako hauteskundeetan zer zentzu dauka gure arteko lehiak? Ez bakarrik EAJ eta EH Bilduren artean, baizik eta Euskal Herria nazio bezala ulertzen dutenen edo erabakitzeko eskubidea defendatzen dutenen artean", galdetu du. 

Horren ildoan, EH Bilduren "arrakastaren sekretua" hori dela iritzi dio: "Lehenengo aberria, gero alderdia". Nabarmendu duenez, koalizio subiranistak ez du "politika konbentzionala egiten eta printzipio eta baloreak mantentzen ditu". Hala, uste du zintzotasun horrek "saria jaso" duela euskal herritarren partetik. 

Europako egoera politikoari buruzko analisia ere egin du Otegik. Buruzagi independentistarentzat "oso kezkagarria" da eskuin muturraren igoera, baina baita "eskuin muturrari markoak erosten dizkion Europa"ren jarrera ere. 

Azkenik, berretsi du EH Bilduren koordinatzaile nagusirako bere burua aurkeztuko duela. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika albisteak EAJ-PNV Bizkaia Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak 2024 EH Bildu Gipuzkoa Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hauteskundeak gaur Europako Parlamentua