Politika -

KATALUNIA

ERCk zuzendaritza berritzeari ekingo dio, Generalitateko gobernagarritasunari buruzko erabakia tartean dela

Orain arte ERCko presidente izan denak kargua utziko du astelehen honetan eta azaroaren 30eko kongresuan bere hautagaitza aurkeztuko du berriro alderdiaren buru izateko asmoz.

Oriol Junqueras (ERC), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Oriol Junqueras (ERC), artxiboko irudi batean
Oriol Junqueras (ERC), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esquerra Republicana de Catalunyak (ERC) bere zuzendaritza berritzeko bidean beste pauso bat emango du astelehen honetan, orain arte alderdiko presidente izan den Oriol Junquerasek formalki kargua utziko baitu. Hala ere, ERCk azaroaren 30ean egingo duen kongresuan bere burua aurkeztuko du berriro alderdiburu izateko asmoz.

Zuzendaritzaren gaurko bileran ofizial egingo da Junquerasen irteera eta bihar alderdiaren egoitzara joango da bere bulegoko gauzak jasotzera. Bien bitartean, presidentearen lanak Marta Rovira idazkari nagusiak egingo ditu, ERCko iturriek azaldu dutenez.

Gauzak horrela, Junqueras militante soil bat izatera igaroko da, hots, alderdiak jarritako bulegorik, ordenagailurik, autorik eta gidaririk gabe. Hala ere, ERCk Kataluniako prozesuagatik kargu publikorako inhabilitatuta daudenei —2031ra arte, amnistia indarrean sartu zain— ematen dien soldata jasotzen jarraituko du.

Dena den, Junquerasek ez du gaur-gaurkoz argitu ERCren zuzendaritzak hartu beharko dituen erabakien aurrean bere iritzia emango duen ala ez.

Azaroko kongresuaren aurretik, ERCk Kataluniako Generalitatearen gobernagarritasunaren inguruko erabakia hartu beharko du. Pasa den maiatzaren 12ko Kataluniako hauteskundeetan hirugarren indarra izan ondotik, bere 20 diputatuak erabakigarriak izan daitezke Salvador Illa (PSC) edo Carles Puigdemont (Junts) Generalitateko presidente egiteko. Marta Rovirak gidatuko ditu negoziazioak Suitzatik, baina dagoeneko argi eta garbi utzi diote PSCri bere babesaren truke bide eman beharko diola Kataluniarentzako "finantziazio berezia" onartzeko proposamenari. Edozein kasutan, inbestidurari buruzko azken erabakia militantziak izango du.

Junqueras-Rovira tandemaren agurra

Oriol Junquerasek (presidentea) eta Marta Rovirak (idazkari nagusia) osatutako bikoak 13 urtez gidatu du alderdia, Kataluniako prozesua, Junquerasen espetxealdia eta Roviraren erbestealdia barne. Europako hauteskundeen aurreko hiru hauteskunde hitzorduetan izandako emaitza txarren ondotik —azkena, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan, 33 ordezkari izatetik 20 izatera igaro zen—, Pere Aragonesek, Marta Rovirak eta Oriol Junquerasek zuzendaritza uzteko asmoa iragarri zuten, azken horren kasuan berriro ere hautagai gisa aurkezteko.

Aragonesek jarduneko presidente izaten jarraituko du Kataluniako Gobernu berria osatu arte. Era berean, ERCko koordinatzaile nazionalaren kargua utziko du bere ordezkoa izendatzen dutenean. Rovirak azaroko kongresuan utziko du idazkari nagusi kargua, eta bien bitartean, alderdiko idazkari nagusi eta presidente karguak uztartuko ditu. Junquerasek, berriz, pauso bat albora emango du berriro ere presidente kargura aurkezteko. Nolanahi ere, militantziak izango du azken hitza kongresu nazionalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès bideoak ERC Kataluniako Generalitatea