Politika -

E9 Europako Hauteskundeak

Dena prest Espainiako Difusio Zentroan hauteskunde egunari ekiteko

Francesc Valles Estatuko Komunikazio idazkariak eta Susana Crisostomo Barne Ministerioko idazkariordeak hauteskunde-dispositiboa aurkeztu dute larunbat honetan, Madrilen, IFEMAn. Bertatik jakinaraziko dira Espainiako Estatuko hauteskunde-eguneko datu guztiak.

Barne-ministroa, larunbat goizean, Espainiako Difusio Zentroan. EFE.
Barne-ministroa, larunbat goizean, Espainiako Difusio Zentroan. EFE.
721 hautesleku izango dira prest EAEn biharko hauteskunde hitzorduan

0:40

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dena prest dute Espainiako Difusio Zentroan hauteskunde egunari ekiteko. Madrilen IFEMAko 12. pabiloian egokitutako zentro honetatik emango dituzte Espainian Europako Palramenturako hauteskundeetan izandako emaitzak. 

Pabiloi horretan bertan aurkeztu dute hauteskunde-dispositiboa, larunbat honetan, Francesc Valles Estatuko Komunikazio idazkariak eta Susana Crisostomo Barne Ministerioko idazkariordeak.  

38.087.379 herritar daude Espainiako Estatuan botoa ematera deituta, Europako Parlamentuan Espainiari dagozkion 61 eurodiputatuak aukeratzeko, azken hauteskundeetan baino bi gehiago.

09:00etatik 20:00etara, 22.576 hautesleku egongo dira zabalik, eta 58.556 hauteskunde-mahai, 70.000 hautetsontzi eta 59.000 kabina ipiniko dira horietan, herritarrek botoa eman dezaten.

10:30ean, mahaien osaerari eta izan daitezkeen gorabeherei buruzko informazioa emango dute; 14:30ean, parte-hartzearen lehen aurrerapena emango dute, eta 18:30ean, bigarrena.

Behin betiko parte-hartzearen datuak eta emaitzak 23:00etatik aurrera emango dituzte, orduan itxiko baitira hauteslekuak Italian (haiek izango dira ixten azkenak).

Crisostomok emandako datuen arabera, 582.097 lagunek bozkatu dute postaz, 2014an (erkidegoetako nahiz udal-hauteskundeekin batera egin ez ziren azkenak) botoa postaz eman zutenen bikoitza. 

2014an, parte-hartzea % 43,81ekoa izan zen, Espainiako serie historikoan izandako txikiena; 2019koetan, berriz, % 60,73koa izan zen (udal eta foru hauteskundeekin batera egin ziren), 1987tik Espainiako Estatuko herritarrek lehen aldiz Europako Parlamenturako bozkatu zutenetik hirugarren parte-hartze handiena.

Bozkatzera joateko deia

Francesc Valles Komunikaziorako Estatu idazkariak Europako Parlamenturako hauteskundeetan bozkatzera joateko deia egin die herritarrei Espainiako Gobernuaren izenean.

"Demokrazia parte-hartzean ere oinarritzen da. Zenbat eta parte-hartze handiagoa, orduan eta demokrazia handiagoa. Eta argi dago hauteskunde hauetan botoa emateko arrazoi asko daudela. Espainiarrek hauteskunde hauen garrantziaz jabetzea eta egun osoan zehar botoa emateko eskubide konstituzionala erabiltzea nahi dugu", esan du Vallesek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Europako hauteskundeak Espainia Eguneko albisteak Albisteak Madril Hauteskundeak