Politika -

Europako hauteskundeak

Parte hartzerako azken deia eginez itxiko dute alderdiek hauteskunde kanpaina

EAJk eta Sumarrek Bilbo aukeratu dute kanpaina amaitzeko. EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, bestalde, Gasteizen egingo dituzte azken mitinak. EAEn ia 1,8 milioi herritarrek dute igandean botorako eskubidea.

Hauteskundeotako hainbat kartel. EFE
Hauteskundeotako hainbat kartel.
Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hauteslekuak prestatzen hasi dira Gasteizen

0:38

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal alderdiek Bilbo eta Gasteiz hautatu dituzte Europako hauteskunde kanpainari amaiera emateko eta parte hartzeko azken deia egiteko. EAJk eta Sumarrek Bizkaiko hiriburuan egingo dituzte itxiera mitinak, eta EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, Gasteizen. 

Boto-emaileak —ia 1,8 milioi herritar EAEn— konbentzitzeko azken eguna dute indar politikoek, Europako bozetan parte hartzearen portzentajea igotzeko asmoz, beste hauteskunde batzuekin batera egin ezean, % 40koa izaten baita. Mobilizazioa gako da hauteskundeotan, eta barruti bakarrekoak izanda (Estatu mailakoa), EH Bildu eta EAJ Estatuko beste alderdiekin batera koalizioan (Orain Errepublikak eta CEUS, hurrenez hurren) aurkeztu dira eserlekua eskuratu ahal izateko. 

EAJk Arriaga plazan egingo du kanpainako itxiera ekitaldia, 20:00etan, Oihane Agirregoitia EAJko eta CEUS koalizioko zerrendaburua protagonista dela. Ondoan izango ditu Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Iñigo Urkullu lehendakaria, Izaskun Bilbao europarlamentaria —haren lekua hartuko du Agirregoitiak, eserlekua eskuratzekotan— eta Rakel Molina, Aitana Agirre eta Amaia Arrizabalaga hautagaiak. Jean Telletxea Ipar Euskal Herriko hautagaia ere izango da bertan. 

Gasteizko Buruileria plaza (euria eginez gero, Artium) aukeratu du EH Bilduk azken mitinerako, 20:30ean. Pernando Barrena EH Bildu eta Orain Errepublikak koalizioko hautagaiak hitz egingo du, baita Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak eta Barkartxo Ruiz hautagai nafarrak ere. 

PSE-EEk ere Arabako hiriburuan egin du hitzordua, baina Canciller Ayala hotelean, 18:30ean. Idoia Mendia hautagaiak lagunduta jardungo du bertan, Eneko Andueza EAEko sozialisten idazkari nagusia eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea izango baitira ekitaldian. 

Ordu berean, Gasteizko Azoka Plazan, azken mitina egingo dute Carlos Iturgaiz eta Javier Zarzalejos PPko hautagaiek. Miguel Tellado Kongresuko popularren bozeramailea joango da babesa ematera (goizean beste ekitaldi batean izango da, Bilbon). 

Azkenik, Andeka Larrea Sumarrek EAEn duen zerrendaburuak ekitaldia du goizean, 11:00etan, Mariaren Bihotza plazan, Alba Garcia Sumarreko ordezkaria, Xabier Jimenez (Ezker Anitza-IU) eta Carmen Muñoz (Berdeak-Equo) lagun dituela. Arratsaldean, 18:30ean, Sumarren egoitzan izango da Larrea, hauteslekuetan ahaldun izango direnekin. 

Podemosek ez du EAEn ekitaldirik aurreikusita gaurko, eta Madrilen du azken mitina, Ione Belarra eta Irene Montero hautagaiekin. 

Igandean, EAJk eta PSE-EEk Bilbon dituzten egoitzetan jarraituko dute hauteskunde gaua; PPk Bilboko Catalonia hoteletik egingo du. EH Bilduk Iruñea aukeratu du zeregin horretarako, eta Catedral hotelean egin du hitzordua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bilbo Europako hauteskundeak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Hautagaiak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hauteskundeak Europako Parlamentua Sumar Mugimendua