Politika -
Espainia
Peinado epaileak esan du ez dagoela Begoña Gomez kanpainan deklaratzera deitzea eragozten dion "araurik"
BJKNko Batzorde Iraunkorra datorren astelehenean bilduko da, "independentzia judizialari eragin diezaioketen azken adierazpen publikoei buruz hitz egiteko", Pedro Sanchezek joan den asteartean herritarrei igorritako gutunari erreferentzia eginez, besteak beste.
Agentziak | EITB Media
Juan Carlos Peinadok, Begoña Gomez ustezko influentzia-trafikoagatik eta negozioetako ustelkeriagatik ikertzen ari den epaileak, adierazi duenez, "ez du ezagutzen ez Espainiako Konstituzioan, ez Botere Judizialaren Lege Organikoan, ez Prozedura Kriminalaren Legean, ez Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoan, Pedro Sanchezen emaztea hauteskunde-kanpaina betean ikertu gisa deklaratzera deitzea eragozten duen legerik".
Probidentzia batean, epaileak erantzun die Espainiako Gobernuko presidentearen adierazpenei, herritarrei bidalitako gutunean adierazi baitzuen badela "idatzi gabeko arau" bat, "hauteskunde-kanpaina baten bilakaera normala baldintza dezaketen" ebazpenak ez ematekoa, Gomez uztailaren 5erako deitzea erabaki zuen ebazpenari erreferentzia eginez.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) Batzorde Iraunkorrak ezohiko bilera egitea erabaki du ekainaren 10ean, astelehenean, "independentzia judizialari eragin diezaioketen azken adierazpen publikoei buruzko iritzia emateko", besteak beste, Sanchezek herritarrei igorritako gutunari erreferentzia eginez.
Hala baieztatu dute epaileen gobernu-organoko iturriek, batzarra hasiera batean ostegunerako finkatuta zegoela zehaztuz, Jose Antonio Ballestero alde kontserbadoreko kideak eskatuta. Hala ere, bilera astelehenera aldatzea erabaki dute, Europako hauteskundeetarako kanpainan eraginik ez izateko, aipatu iturrien arabera.
Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak BJKNren erabakiaren inguruan hitz egin du, eta "gehiengo kontserbadorearen" mugimendua dela ziurtatu du, "PPren aginduetara" eta "hauteskundeetatik hiru egunera".
Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean, Bolañosek azpimarratu du "Kontseiluaren gehiengo kontserbadorea" dela, "kasu honetan Alderdi Popularraren aginduetara, eta ez dakit Vox ere tartean badagoen". "Hau da, zehazki salatzen ari naizena: eskuinak Botere Judizialean egiten duen presioa eta esku-sartze saiakera, bere izen onari eta izan behar duen inpartzialtasun eta independentzia irudiari eragiten dio", gaineratu du.
Sanchez ez da izan aste honetan Juan Carlos Peinado epailearen jokabideari buruzko iritzia eman duen Espainiako Gobernuko kide bakarra. Teresa Ribera hirugarren presidenteorde eta igandeko Europako hauteskundeetarako PSOEren hautagaiak adierazi zuenez, epaileak ez zuen kanpaina batean eragina izan dezakeen erabakirik hartu behar. Prebarikazioaz hitz egitea saihestu zuen arren, gertatzen ari dena "oso zikina" dela adierazi zuen.
Bestalde, Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko ministro Oscar Puentek esan zuen Begoña Gomez orain deitzeak "argi eta garbi" eragina duela Europako hauteskundeetan.
Pilar Alegria Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Hezkuntza ministroak Ministerio Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, "prozesu hau guztia oso arraroa eta gogaikarria izaten ari da, arau bat dagoelako, idatzi gabeko arau bat", "Auzitegi Gorenaren bermea duena", eta "hauteskunde-prozesuetan erabaki judizialik hartzen ez dela esaten duena, hauteskundeetako emaitzak aldatzea saihesteko, kasu honetan, ordea, ez da errespetatu".