Politika -
Gutun berria
Sanchezek "amarrutzat" jo du emaztearen aurkako auzia, eta epaileak orain deitzea "bitxia" dela uste du
Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu du legealdia amaitu arte Exekutiboaren buru izaten jarraitzeko erabakia "inoiz baino irmoagoa" dela.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen ustez, "arraroa" da epaileak gaur, Europako hauteskundeetarako bost egun falta direnean, Begoña Gomez emaztea ikertu gisa deklaratzera deitzea. "Salaketa honen atzean ez dago ezer, salaketa jarri duten elkarte ultraeskuindarrek bultzatutako amarrua besterik ez", gaineratu du.
Herritarrei bidalitako gutun berri batean, Sanchezek esan du bera eta haren emaztea lasai daudela, epaileak Begoña Gomez ikertu gisa uztailaren 5ean deklaratzera deitu ostean, ustelkeria eta eragimen-trafikoko ustezko delituengatik irekitako auzian.
Buruzagiak azpimarratu du legealdia amaitu arte Gobernuaren buru izaten jarraitzeko erabakia "inoiz baino irmoagoa" dela.
Gobernuburuaren ustez, "arraroa" da emazteari hitzordua gaur jakinarazi izana, Europako Parlamenturako hauteskundeak egin baino bost egun lehenago.
Horri buruz, nabarmendu du beti jarraitu izan dela idatzi gabeko arau bat, kanpaina baten bilakaera eta herritarren botoa baldintza dezaketen ebazpenak ez ematekoa, eta, horregatik, argi ikusten du oraingoan ez dela errespetatu, baina ez du erabaki hori baloratu, eta herritarrek beren ondorioak ateratzea nahiago duela adierazi du.
Gobernuburuak azaldu duenez, gaur komunikabideen bidez ezagutu dute epailearen erabakia, eta honako hau esan du: "Biok guztiz lasai gaude. Salaketa horren atzean ez dago ezer, salaketa jarri zuten elkarte ultraeskuindarrek bultzatutako amarrua besterik ez".
Irakurketa politikoa
Baina irakurketa politikoa egin du, eta gogorarazi du aurreko gutunean, "Feijoo jauna eta Abascal jauna buru zituen koalizio erreakzionarioa" salatu zuela, eta Gobernuaren buru jarraitzea merezi ote zuen hausnartzeko egun batzuk hartu zituela.
Hauteskundeak baldintzatu eta Gobernua ahultzen saiatzea leporatu die Espainiako Gobernuko presidenteak Feijoori eta Abascali.
Saiakera horren aurrean, biek "hautestontzietan merezi duten erantzuna" aurkitzea eskatu du Sanchezek: "euren amarrukeria errefusatzea eta gaitzestea". "Zalantzarik ez izan, ez naute makurraraziko", adierazi du Sanchezek bere gutunean.