Politika -
Parlamentua
Macronen Gobernuaren aurkako bi zentsura mozio bozkatuko dituzte hauteskunde europarren bezperan
Astelehen honetan egingo dituzte eztabaidak, eta aurrera egiteko aukerak urriak badira ere, Frantziako Gobernuarentzat une politiko txarrean iritsi dira.
agentziak | eitb media
Frantziako Gobernuaren aurkako bi zentsura mozio eztabaidatuko dituzte gaur Parlamentuan, Emmanuel Macron presidentearentzat oso txarrak aurreikusten diren hauteskunde europarren bezperan.
Marine Le Pen RN eskuin-muturreko alderdiaren buruak ostiralean aurkeztu zuen zentsura mozioa, Gobernuak udazkenean aurrekontua osatu zuenean kopuruak irrealak zirela bazekiela argudiatuta.
Izan ere, Frantziako Gobernuak 10.000 milioi euroko murrizketa iragarri zuen gastu publikoan, eta antzeko beste murrizketa bat egingo du oraindik argitzeke dauden partida batzuetan.
Apirilean, RNk eta LFI Luc Melenchonen alderdi ezkertiarrak ohartarazi zuten zentsura mozioak aurkeztuko zituztela Gabriel Attal lehen ministroaren Gobernuak ez bazuen 30 eguneko epean udazkeneko aurrekontua zuzenduko lukeen aurrekontu bat aurkezten.
Asteartean, Manuel Bompard LFIko diputatuak berretsi zuen zentsura mozioa aurkeztuko zutela Gobernuak atzera egiten ez zuela ikusita. Ostiralean bete zuten izapidea, eta gaur eztabaidatuko da horien zentsura mozioa ere.
Frantziako Parlamentuan zentsura mozio batek aurrera egin dezan, diputatuen gehiengo osoa behar da, eta horretarako aukera gutxi dago kasu honetan.
Izan ere, Macronen blokeak Asanblea Nazionalean gehiengo osorik ez badu ere, LRk ez du mozioak babesteko asmorik, diputaturen batek alde bozka dezakeen arren.
Aurrera egingo balu, Attalen Gobernua desegin egingo litzateke, eta Macronek behe ganberan babesa izango lukeen beste lehen ministro bat proposatu beharko luke, edo hauteskunde legegileak deitu.
Mozioak aurkezteko argudioak finantza publikoen egoeran oinarritzen badira ere, asmo politiko argia dute ekainaren 9ko hauteskundeen bezperan egingo baitira eztabaidak.