Politika -

AMNISTIA LEGEA

Amnistia Legearen gako nagusiak: Zein? Noiz? Zer delitu?

Zehazki, 2011ko azaroaren 11tik 2023ko azaroaren 13ra Kataluniako auziarekin lotutako ekintzak amnistiatuko ditu. Giza eskubide urraketa larririk eragin ez duten terrorismo ekintzak barkatuko dira. Aurreikuspenen arabera, onuradunak 382 bat herritar izango dira.

Amnistia Legea. Irudia: EiTB Media
Amnistia Legea
Amnistia Legea. Irudia: EiTB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuak behin betiko onartu du Amnistia Legea. Alderdi Sozialistak duela sei hilabete eta erdi erregistratu zuen Alderdi Sozialistak lege proposamena, Pedro Sanchez presidente izendatu eta hiru egunera, hain zuzen ere.

Pasa den urtarrilean Kongresura eraman zuten Amnistia Legeak ez zuen aurrera egin, Juntsek aurka bozkatu zuelako. Horrek Espainiako Gobernua zuzenketa berriak negoziatzera behartu zuen, eta martxoa hasieran lege testuari buruzko akordioa lortu zuten PSOEk, ERCk eta Juntsek. Amnistia Legea behin betiko onartuta, orain epaileek aplikatu beharko dute.

Onuradunak

Zenbaki ofizialik ez badago ere, pasa den martxoan Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak egindako kalkuluen arabera, auzi penalak dituzten 382 pertsona ingururi eragingo die, tartean, Carles Puigdemont Generalitateko presidente izandakoari.

Herritarren Segurtasun Legea edo 'Mozal Legea' aplikatuta isunak jaso zituzten pertsonak kontuan hartuta, mila inguru izango direla uste du Juntsek. ERC harago joan da, eta 1.500 ere izan daitezkeela dio.

Kataluniako prozesuaren auzian Auzitegi Gorenak zigortutako buruzagi independentistak ere Amnistia Legearen onuradunak izango dira —Oriol Junqueras ERCren burua, tartean—; 2021eko ekainean indultua jaso bazuten ere, inhabilitatuta jarraitzen dutelako.

Noiz aplikatuko da?

Araua Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, epaileek bertan behera utzi beharko dituzte kautelazko neurriak eta indarrean dauden atxilotzeko aginduak. Halaber, norbait espetxean badago aske utzi beharko dute.

Kataluniako prozesuari lotutako kasuak esku artean dituzten epaileek bi hilabeteko epea izango dute amnistia azken muturreraino aplikatzeko. Hala ere, auziak etenda geldituko dira baldin eta Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri edo Europako Justizia Auzitegian epaitu aurreko arazo bat aurkezten badute.

Zein dira barkatuko diren delituak?

Kataluniaren independentzia prozesuarekin zerikusia duten pertsona guztien erantzukizun penalak, administratiboak eta kontabilitateari lotutakoak ezabatu egiten ditu, 2011ko azaroaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra egindako delituak baitira.

Ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, desobedientzia, desordena publikoak eta prebarikazioa dira zigorrik gabe geratuko diren zenbait delitu, betiere Kataluniako prozesu independentistarekin lotura zuzena badute. Hor sartzen dira, esaterako, 2014ko azaroaren 9ko galdeketa eta 2017ko urriaren 1eko independentziari buruzko erreferenduma.

Zein delitu geldituko dira kanpoan?

Ez dituzte amnistiatuko Europako legediaren arabera terrorismo delitu gisa aitortzen dituzten delituak, "zuzenean eta nahita giza eskubideen urraketa larriak" eragin dituzten delituak, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituak, beti ere, Europar Batasunaren finantza interesak kaltetzen dituztenean, eta traizio delituak.

Halaber, kanpoan geldituko dira bakearen aurkako delituak edo Estatuaren independentziaren eta defentsa nazionalaren kontrako delituak, "mehatxua eraginkorra eta erreala" izan denean eta indarra erabili bada nazioarteko legediaren arabera.

Genozidio eta gizateriaren aurkako delituak ere ez ditu barne hartuko, ezta heriotza, abortua, organo edo zentzumen baten galera edo antzutasuna eragin duten dolozko delituak, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren araberako torturak eta tratu txarrak, baldin eta gutxieneko larritasun bat gainditzen ez badute, eta gorroto delituak.

Zer gertatuko da desbideratutako diruarekin? Eta ordaindutako isunekin?

Kataluniako prozesuari lotutako erantzukizun kontableak desagerrarazi egiten ditu amnistiak, eta beraz Kontu Auzitegiak artxibatu egin beharko du Kataluniako 35 goi kargudunen aurka, 3,1 eta 5 milioi euro artean desbideratzea egotzita, irekitako auzia. Tartean leudeke, besteak beste, Oriol Junqueras eta Artur Mas Generalitateko presidente ohia.

Hala ere, ez dio eragiten norbanakoek jasandako kalteengatik jaso dezaketen erantzukizun zibilari, eta, hortaz, auzitegietan erreklamatu beharko dute. Halaber, ez du eraginik izango irmoak diren epaietan. Gauzak horrela, Kontuen Auzitegiak ez die dirua itzuli beharko 2014ko kontsultagatik 5 milioi euro ordaindu behar izan zituzten Artur Mas presidente ohiari eta orduan zigortutako beste politikari batzuei.

Aitzitik, 'Mozal legea' aplikatuta isuna ordaindu zutenek itzultzea eskatu ahalko dute, beti ere, arau hauste larriak ez badira. Kasuan kasu eskumena duen administrazioak itzuliko du dirua "proportzionaltasun irizpideak" ikusten baditu.

Zer dio Europak?

Legeak Europako estandarrak betetzen ote dituen aztertuko du Europako Batzordeak, eta EBko Justizia Auzitegiak ere bai, baldin eta epaileren batek epaitu aurreko arazo bat aurkezten badu.

Orain arte bere iritzia eman duen bakarra, Espainiako Senatuak eskatuta, Veneziako Batzordea izan da. Europako Kontseiluaren aholku organoa denak Amnistia Legea babestu du. Horren arabera, "ez dio eragingo botere banaketari". Halaber, "amnistia adiskidetzeko tresna" dela azpimarratu du, eta nazioarteko estandarrak betetzen dituena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Kataluniako azken albisteak Politika Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean Amnistia Legea