Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Entzierroekin eta zezenketekin zer egin iruindarrek erabakiko dutela azpimarratu du Asironek, ez alkateak
Iruñeko alkatearen arabera, "ez da inoiz alkate bat etorriko entzierroak edo zezenak debekatzeko". Gaineratu duenez, entzierroen eta sanferminen inguruko gogoeta kolektibo bat egin behar da.
O. A. | EiTB Media
Sanferminetarako hilabete pasatxo falta den honetan, Joseba Asiron Iruñeko alkateak argi eta garbi utzi du iruindarrek erabaki behar dutela etorkizunari begira entzierroekin eta zezenketekin zer egin. Horren esanetan, ez da inoiz alkate bat etorriko bere sinadurarekin entzierroak edo zezenak debekatzera, "ez alkate honekin, ez beste batekin ere". "Gizartearen eta herritarren erabakia izango da: sanferminak ez dira lehen zirenak eta ez ditut imajinatzen orain diren bezalakoak", gaineratu du.
Entzierroen eta zezenketen inguruko eztabaida bat egon behar dela uste du Asironek, eta, aldi berean, sanferminekin zer egin erabakitzeko gogoeta kolektibo bat hasteko beharra aldarrikatu du.
Iruñeko Udalak atzo iragarri zuen aurtengo sanferminetarako kontzertuen kartelaz galdetuta, "kutsu nafar sakona" dutela azpimarratu du Asironek. Gaztelu plaza gaztetxe bihurtzea leporatu dion Iruñeko PPko udal taldeari erantzunez, adierazi du tokiko punta-puntako artistak igoko direla oholtzara eta San Fermin jaietan gustu guztietarako kontzertuak antolatzen dituztela toki ezberdinetan.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Unai Hualde Parlamentukoak proposatutako jokabide kodeaz ere hitz egin du. Oro har politikagintzan hedatu den giro gordina baretzeko jokabide etikoa baino gehiago beharko dela uste badu ere, onartu du proposamenak eztabaida mahai gainean jartzea lortu duela.
Bestalde, elkarrizketaren eta akordioaren aldarria egin du Asironek Iruñearentzako konponbideak aurkitzeko.