Politika -
Ekimen abolizionista
PSOE bakarrik geratu da, eta Kongresuak ez du proxenetismoaren aurkako legea onartu
PPk, Sumarrek, ERCk, Juntsek, EAJk eta EH Bilduk kontra bozkatu dute; Podemos eta Vox abstenitu egin dira, eta PSOErekin batera Coalicion Canariak, BNGk, UPNk eta Jose Luis Abalosek baino ez dute baiezko botoa eman. 184 aurkako boto izan dira, aldeko 122 eta 36 abstentzio.
Agentziak | EITB Media
Diputatuen Kongresuak uko egin dio proxenetismoaren aurkako lege-proposamena izapidetzeari. PSOE bakarrik geratu da gaurko bozketan, eta bere ekimen abolizionistak ez du babesik jaso, ez Sumarrek, ez Kongresuko aliatuek, ez Alderdi Popularrak, ez dute aldeko botorik eman.
Espainiako Gobernuaren zazpigarren porrota da Ganberako Osoko Bilkuran, Pedro Sanchezen inbestiduraz geroztik, eta PSOEk berak bultzatutako ekimen batek jasaten duen lehena.
Aurreko legealdian ekimen bera babestu zuen PPk aldatu egin du botoaren zentzua, lege-proposamenak zatiketa eragiten duela eta talde sozialista "hauteskunde helburuekin feminismoaren erabilera ezduina eta gehiegikeria" egiten ari dela iritzita.
PPk, Sumarrek, ERCk, Juntsek, EAJk eta EH Bilduk kontra bozkatu dute; Podemos eta Vox abstenitu egin dira, eta PSOErekin batera Coalicion Canariak, BNGk, UPNk eta Jose Luis Abalosek baino ez dute baiezko botoa eman. 184 aurkako boto izan dira, aldeko 122 eta 36 abstentzio.
Proposamenaren babes falta nabarmenaren aurrean, PPk PSOEri proposatu zion atzera egitea, Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren Batzordean lege integral bat negoziatzeko. Ana Redondo Berdintasun ministroak baztertu egin zuen aukera hori. Azkenean, PPk ez du araua babestu, eta ekimena bertan behera geratu da.
PSOEk Zigor Kodea aldatu nahi zuen testu horren bidez, proxenetismoaren aurkako zigorra gogortzeko, sexuaren trukeko ordainketa zigortzeko eta, etxebizitza edo edozein toki beste pertsona bat prostituzioan aritzeko erabiltzeagatik, haren baimenarekin bada ere, zigorra ezartzea.
Berdintasun ministroak salatu duenez, "talde politiko guztiak erretratatu dira gaur Kongresuan", eta ohartarazi du bere alderdiak lanean jarraituko duela "prostituzioa eta proxenetismoaren negozio handia indargabetzeko": "Sozialistak gara emakumeen eskubideen, duintasunaren eta askatasunaren defentsan irmo mantendu garen bakarrak", azpimarratu du.
Indar politiko batzuek (PP, ERC, Suma eta EAJ), aldiz, helburu elektoralistekin ekimena berpiztu izana leporatu diete sozialistei, eta beste batzuek (EH Bildu, Podemos, Junts, ERC) salatu dute prostituzio egoeran dauden emakumeak kriminalizatuko lituzkeela eta klandestinitatera eta zaurgarritasun handiagora bultzatuko lituzkeela.
Era berean, eskuinak zein ezkerrak kritikatu egin du ekimenak emakumeak babesteko mekanismorik ez jasotzea, prostituziotik ateratzeko alternatibak eman ahal izateko.
Elkarretaratzea Kongresuaren aurrean
Prostituzioan ari diren 30 emakume inguruk elkarretaratzea egin dute Diputatuen Kongresuaren aurrean, PSOEren lege-proposamena "kriminalizatzailea" dela eta kolektibo hori ikusezintasunera, prekarietatera eta klandestinitatera eramango duela salatzeko.
Stop Abolizioa Plataformak antolatuta, elkarretaratzearen helburua "aboliziorik eza aldarrikatzea" zen, "ez delako onuragarria izango" bere burua "sexu-langiletzat" dutenentzat, Susana Pastor bozeramaileak komunikabideei adierazi dienez.
Pastorren hitzetan, abolizioa Suedia eta Frantzia bezalako herrialdeetan "porrota" eta "zoritxarra" izan da, eta ez da irtenbidea, "zigortzea besterik ez duelako egiten": "Pertsona horiek eskubideak behar dituzte", erantsi du.