Politika -

OGASUNARI USTEZKO IRUZURRA

Ayusoren bikotekidearen deklarazioa ekainaren 24ra atzeratu du epaileak

Madrilgo Fiskaltzak salatu zuen Alberto Gonzalez Amador, Ogasunaren kontrako bi delitu eta dokumentuak faltsutzea egotzita. Gaur goizean zuen hitzordua deklaratzeko, baina bertan behera geratu da saioa, auzian ikertutako beste bi ezin izan dituztelako lokalizatu.

Alberto Gonzolez Amador, gaur, Auzitegitik atera denean. Argazkia: EFE
Alberto Gonzolez Amador, gaur, Auzitegitik atera denean.
Alberto Gonzolez Amador, gaur, Auzitegitik atera denean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekide Alberto Gonzalez Amador enpresaburuaren deklarazioa ekainaren 24ra atzeratzea erabaki du haren kontrako auziaren ardura duen epaileak. Ogasunaren kontrako bi delitu eta dokumentuak faltsutzea egotzita, gaur zen deklaratzekoa Madrilgo 19. Instrukzio Auzitegian.

Zabaldutako informazioaren arabera, Inmaculada Iglesias Sanchez epaileak aldeekin (akusazioa eta defentsa) adostu du saioa atzeratzea, gaur deklaratzekoak ziren beste bi ikertu ezin izan dituztelako lokalizatu. Epaileak ikertu guztiei egun berean deklarazio hartzeko asmoa agertu du, eta akusazioak zein defentsak ontzat eman dute erabakia.

Mas Madrid taldeak —herri akusazio gisa aurkeztu da, PSOErekin batera— uste du ekainaren 24a baino lehen aldeekin akordio bat ixteko helburua egon daitekeela hitzordua atzeratzearen atzean.

Orotara, auzian bost pertsona daude ikerketapean. 2021 eta 2022 urteetan Ogasunari 350.951 euroko iruzurra egitea leporatzen die Fiskaltzak, alde batetik, eta zegozkien zergak ez ordaintzeko dokumentuak faltsutzea, bestetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril